CANen bulego bateko beiratean irakurria: «Nire diruarekin zer egiten duten jakin nahi dut». CaixaBankek Nafarroako kutxa eta bere bidaide zibikoak lau sosetan irentsi berritan zen. Tipografiak eskuzkoaren antzak zituenez spraykadaren bat ote zen otu lehenengo punpan. Gerturatu, banan-banan zenbatu, eta bai, intxaurrak hamalau: mezu komertziala. Alegia, zuk pentsa dezakezuna neuk esango dut eta gero, bidenabar, Corellako piperraren puntan jartzen zaidana egingo dut zure diruarekin.
Nik labur eta zatar idatzi dudan hau luze, zabal eta egoki azaldu ziguten, ez hain aspaldi, egunkari honek domeketan dakarren Egituran. Baiki, ekonomia orrialdeak irakurtzen hasi naiz. Aitor dut atzerakoa eragin izan didatela beti, grafiko bat ikuste hutsak tristura halako bat eragiten zidala urdailaren ahoan eta ni, egunkariari dagokionez, Letetarra izan naiz gehiago, libragarri izan dudala, ezen ez bihotzerre eragingarri. Alabaina, ekonomiak baditu graduak, baita ni lako hasiberriek ulertzeko moduko kontuak ere. Areago, badirudi poltsikoak majo berotu dituen zenbaitek ez duela askoz gehiago jakin beharrik izan. Esan nahi baita, gehiago izan dela ariketa gimnastikoa ekonomikoa baino: zeinek azkarrago hustu itsulapikoa. Eta orain, txerritxoa odolustu dutenean, butifarratarako.
Guztiok nafarrak bai, baina kutxak, ama legez, bakoitzak berea geneukan atzo arte. Ganoraz batzen jakin ez eta azkenean banku batean bildu ostean, ezer gitxi dakigu menage a troisari buruz. Jakin genuen PPk eta EAJk gurago dutela misiolariarenean jarraitu eta K bat jarri dutela sukurtsal guztietako beirateetan, gutxi gehiago. Baina kontua da, CANen leloak dioen moduan, gure diruekin zer egiten duten eta, batez ere, zer ez duten egingo jakin gura dugula.Athleticzaleei Bukarestera joateko kredituak emango dizkietela irakurri dut. Nahiz eta gero etxetik kaleratu, ez esan polita ez denik. Bank! Bank!
Larrepetit
Bank! Bank!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu