Samara Velte.
LARREPETIT

Banaketak

2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ukrainako gerra hasi zenetik, bazterrotako kezka nagusietako bat izan da hango produktuen hornidurareningurukoa: eguzki-lore olioa lehenik, gasa gero. Eta supermerkatuko apalak produktuz hustuko ote diren galdetzen zuten bezala galdetzen zuten batzuek Ukrainan subrogazio bidez jaiotako umeengatik. Pandemiak jada dezente murriztu omen zuen diru truke haur bat edukitzeko prest zeuden emakumeen merkatua, batzuek ez zutelako ospitaleetarako joan-etorri alferrikakorik egin nahi, edota txertorik ez zutelako nahi hartu. Orain, gerrak linboan utzi ditu hainbat ume; haiengatik dirua ordaindu duten bikoteek ezin dute euren bila joan. Erditu diren amen inguruko kezka nabarmen txikiagoa da, ez bederen Ukrainako fabrikek eragiten digutena baino handiagoa.

Orain, Hego Euskal Herrian, Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo ditu subrogazio kontratuak, ama esplotatu egiten dutela eta haurrari bere lehen hilabeteetako behar handiena ebasten diotela argudiatuta. Biziraun dezakeela jaioberri batek ama gabe? Jakina biziraun dezakeela, historiak erakutsi digu baietz. Saihesgarria bada amarengandik banatzea, saihestu behar litzatekeela? Zalantzarik gabe. Jaioberriari ez diote balio «Nik kontratatu dut eta beraz nirea da» bezalako argudioek: berak badaki noren azala nahi duen. Dena edo ia dena eraikuntza sozial bat dela defendatzen dutenetakoa naiz, baina bizitzan badira arrazionalizazio oro gainditzen duten esperientziak, bibentzialak direnak, larruarekin baizik ezin daitezkeenak ulertu, eta erditzea eta erdiostea horietako bi dira. Gero badirela haurrak zaindu ezin dituzten edo nahi ez dituzten gurasoak? Badira, eta zorionez badira egoera horietan lagundu eta adoptatzeko prest daudenak ere. Baina ez dezagun haurraren banaketa zerbait desiragarria balitz bezala planteatu, funtsean hirugarren baten desioaren arabera mugitzen direnean besteen gorputzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.