Larrepetit

Balkoitik begira

Arantxa Iturbe.
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bi ume. Atarian. Batek besteari karrera baterako desafio argia: ea nor iristen den lehendabizi auto hartaraino. Elkarri begiratu, eta bien arteko akorduak seinalatzen duen irteera keinuz, hor doaz biak ziztu batean. Desafioa onartu duena iritsi da bota duena baino bost auto aurrerago. Irribarrez. Aldea atera dio desafiatzaileari. Garaile sentitzen da. Garailea da. Erraz. Dohain hobeak ditu horretarako; badaki, ezustekorik ezean, korrika berak dituela irabaztekoak. Baita saia-tu gabe ere. Saiatuta, zer esanik ez.

Horregatik izozten zaio irribarrea, lehiarako gonbita egin diona, bide erdian, auto baten kontra geratu eta irribarre gaiztoz begiratzen diola jabetzen denean: auto honetaraino zen karrera. Irabazi dizut.

Balkoitik epaile lanak egiten hasteko gogoa: «Ez, txikito, ez. Hori ez da garbi jokatzea. Auto hartaraino esan duzunean eskua urrutira luzatu duzu. Edozeinek uler zezakeen irabazlea iritsi den tokian zegoela helmuga. Edo inguruan. Ez, behintzat, zu geratu zaren tokian. Eta zuk badakizu, gainera, nik balkoitik ikusita dakidan bezala, eta irabazleak helmugara iritsita dakien bezala, nor den benetan irabazlea. Nor den merezi duena. Ez zara zu».

Ume-kontuak. Hobe bizitzako lezioak euren kasa ikasten uztea. Hobe irabazlea bere kasa jabetzea hobea izatea ez dela irabazteko nahikoa. Hobe lehenbailehen konturatzea arauak jartzen dituenak duela hauek nahierara erabiltzeko, aldatzeko, itxuraldatzeko boterea. Ez morala, baina bai eraginkorra.

Balkoitik barrura. Ume-kontu gehiago. Helduenak. Arauak jarri dituena argitik ezer ez duten argibideei bide egin nahian. Ez, txikito ez. Hori ez da garbi jokatzea. Auto hartaraino esan duzu. Ez du balio irabazi duela esan eta saririk eman gabe uztea. Hori ez da irribarre gaiztoz «irabazi dizut» esatea baino helduagoa.

Balkoitik begira gaudenok dena ikusi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.