Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Baldosinin

2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Festa bat zen Baldosinin eguna gure sukaldean. Herriko festen atariko festa. Lagunak gonbidatu, aurreko mantal inprobisatuak jantzi, eta txikienek beheko azulejuak ezker-eskuin, handienek, goikoak eskuin-ezker, sukaldeko hormetako errepidetxoak zuritzen, jolas itxurako lanean. Goitik behera zurituta, amarentzat kalbario bihurtuko ziren marraz kanpoko bidezidorrak egiten gogoratzen dut neure burua.

Ez dut gogoan festez beste ezer. Ez dakit nola ospatzen genituen. Ez dakit zeren zain egoten nintzen, ezta nire itxaropenak betetzen ote ziren ere. Ez dakit kezkagarria ote den. Kezkatu izan naiz orain baino lehen. Mahaiaren bueltan. Egun zehatzez, gertakizun jakinez hizketan. Data guztiak gogoan dituen laguna entzuten dudanean. Denak. Baita bera lekuko izan gabeko gertakizunenak ere. Oroitzapena berea denean asteko ze egun zen ere esateko gai da.

Ikaragarria iruditu izan zaidanari beldurra galdu diot aspaldi honetan. Memoria historikoa. Erraza dago ba, nork berea eraikitzeak halako lanak ematen dituenean. Memoria liburuak. Ingurukoei galdetuta beharko.

Saiatu gogoratzen. Sarri egiten dugun ariketa da. Adinean aurrera joan ahala, gero eta sarriago, bizitakoa nora joan ote den ez jakiteak ematen duen amilizuz. Bizitakoa bizitzear geratzen zaiguna baino gehiago ote den galderak eragiten duen beldurrez. Halako aitorpenik gabe, jakina. Kontutan jarrita. Suerteko bazara zuk ere izango duzu lagunen bat datez akordatuko dena. Beste batek gogoan izango du zer jantzi zeneraman, detaile guziz. Asko eskatzea izango da egun hartan zer jan zenuten gogoan izango dutenen bat egokitzea. Nik badut. Ez da hain garrantzitsua, baina irudia osatzeko balio du. Denak balio du ezerezaren hutsunea oroitzapen bihurtzeko.

Baldosinin dut nik gogoan. Dena zuriz zikinduta helburua zurituz garbitzea zenean.

Eta zoriontsu nintzela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.