Ez hartu gaizki izenburua, ni ere asteburu honetan berri ona ederki ospatu duen horietako bat naiz. Egia da pozik nagoela, gaur dudan ajea da horren proba argia. Baina sentsazio kontrajarriak ere baditut.
Orain dela urte asko, PP gobernuan zegoen bitartean eta Ermuako Foroa pil-pilean zebilenean, ekintza zuzen bat antolatu genuen Donostiako Koordinadora Feministakook. Donostian dagoen «bakearen uso» horri 10 metrotako tela lila bat bota genion gainetik, eta usoaren hanketan pankarta batek zioen: Eta emakumeentzako bakea noiz? Azaroaren 25a zen, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna. Egun haietan indarkeria matxistaren inguruko interes falta salatu nahi genuen.
Orain, dirudienez, arreta pitin bat lortu dugu. Terrorismoak sortu dituen hainbat lanpostu indarkeria matxista bizi duten emakumeei eskaini nahi dizkiete. Indarkeriari aurre egiteko duten eskema bakarra emakumeei ere atxiki nahi diete. Orain, bizkartzainez inguratu nahi dituzte indarkeria matxista bizi duten emakumeak, eta Herrizaingo Sailean —zelako izena!— zentralizatu nahi dituzte indarkeria matxistaren inguruko zerbitzu guztiak.
Nolakoak diren gauzak; batzuk hezkuntzan eta gizartea errotik aldatzean sinesten dugu, eta beste batzuek, berriz, poliziak eta bizkartzainak dituzte beti eskura arazoak eta gatazkak konpontzeko. Momentu honetan, irabaziz eta galduz hitz egiten duten horiek, bai gobernua eta polizia garaile dela dioten horiek dira beren bakezaletasuna erakutsi behar dutenak. Eta berriro ere jende horri Mugimendu Feminista jarri nahi diot eredu moduan.
Guk ez dugu inoren gainetik garaile izan nahi, gatazkak konpondu besterik ez dugu nahi, eta, horretarako, prest gaude esertzeko eta hitz egiteko. Orain bai dela garaia bakearen hezkuntzaren aldekoak garela erakusteko; espero dut politikariak horretarako gai izatea.
Larrepetit
Bakea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu