Badaezpadakoen erreginak hazitakoa izateak arrastoa uzten duela sinistuta bizi izan naiz denbora askoan. Badaezpada bazpare da gure etxean. Eta urtetan joan gara oporretara, behar ditugun gauzen maletak halako bi bazparez beteta. Bazpare galtza luze parea, bazpare jertse lodia eta bazpare uretarako oinetakoak. Ez. Txankletak ez. Beno. Bai. Txankletak ere bai. Mediterraneora. Abuztuan. Baina euritarakoak ere bai. Bazpare. Eta hori, jaztekotan bakarrik. Eta bazpareak ez dira jazteko bakarrik. Misterioa da oraindik nolaz iristen ginen helmugara sei lagun eta hainbeste bazpare auto bakarrean. Hanketan bazpare kuboak (pluralean), ipurdi azpian bazpareko mantak eta magalean bazpare txikienen jostailuak.
Erregea ere bazen, ordea, etxe berean, bazpareen erreinuko kide. Zenbat iltze atera ote zituen ohol zaharretatik bazpare. Zenbat tornillo askatu irrati, iratzargailu edo beste edozein gailu hondatutatik bazpare. Zenbat atetako eskuleku, mesanotxetako bisagra, hodi, soka, alanbre... Bazpare gordeak denak.
Beharrak egin zituen badaezpadakoen zale. Badaezpada beti zen egunen batean, noizbait behar zezaketenari aurre hartzeko modua. Bazekitelako behar zenean falta izatea zer zen. Guk falta ez genezan, haiek beti badaezpada.
Ez zaigu ezer falta izan. Behar genuena baino gehiagoz hazi gara. Badaezpadakoak eta guzti, atera kontu. Eta zerbait ikasi dugun ustetan badaezpadakorik ez pilatzeko asmoa hartu dugu. Orain, Mediterraneoan abuztuan euriak harrapatzen bagaitu, aterkia erosi egiten dugu. Behar dugulako. Ez badaezpada. Eta datorren urtean beste bat. Ez dugu badaezpadakorik pilatzen.
Alboan dauzkadan paper hesiei begira jabetu naiz. Hortxe arrastoa. Joan naiteke oporretan, maletan bi kulero hartuta. Baina egunen batean, noizbait, bi lerro idazteko aitzakia eman diezadakeen guztia hemen alboan daukat. Bazpare.
Larrepetit
Badaezpada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu