Bizitza nola hartzen duzun, halakoxea delako». Uste dut ulertu dudala, baina ez nago seguru. Kafeari hustu dizkiot zortzi gramoak, gehiegi pentsatu gabe. Berriro irakurri dut leloa. Bai. Esango nuke ulertu dudala, baina lelo nagusiaren gaineko mezua, hirugarrenez leituta ere ez: «Inguru on dituzu, zure buruarekin partekatzeko». Azukre zorroa eskutan geratu naiz. Mihiluzek itzulpen negargarriekin negar malkotan lehertu beharrean barre malkotan husten erakutsi zigun arren, ezin tentazioari eutsi. Ez, ez negar egiteko tentazioari oraindik: beste afaldarren azukre poltsak aztertzeko tentazioari baizik. Berdea da aldamenekoa (arroxa, nirea), eta han, letra txikitan «Baikortasun dituzu inguru eta giro txarren aurka». Ez da ardoa izan. Hori jartzen du, hitzez hitz. Laranja ere eskura daukagu: «Zorion, energia eta irrika dituzu».
Ez gara ausartu azukre gehiago eskatzen. Ez kafe bakoitzarentzat hamasei gramo eskatzea neurriz kanpokoa iruditzen zaigulako. Gu gozatzeko beste hiru zorro azukre eta haiek, mesedez, kolore banatakoak, eta mesedez, gazteleraz idatziak eskatu beharko genituzkeelako, eta gozozale azaltzea baino bekatu larriagoa delako eskaera arraroak egiten dituen bezero xelebre bihurtzea. Eskerrak aldameneko mahaikoak altxatu diren jada. Gu, irribarre gozoz adio esan ondoren, azukre zorroen bila. Berdea eta laranja bakarrik eskuratu ditugu gazteleraz: «Porque la vida es como te la tomas». Eta «De alegría, de energía y de pasión» eta «De positividad contra los mallos rollos». Zorro arroxarik ez gazteleraz, beraz, neure buruarekin partekatzeko inguru on ditudanak non edo zer diren jakin gabe hartu behar kafea.
Ederki bizi liteke parean egokitutako letra guztiak irakurri gabe. Komeni da konpainia oneko afalondoetan ez irakurtzea. Badaezpada. Gozoa behar lukeena ez mikazteko besterik ez bada ere.
Larrepetit
Azukre mikatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu