Elizkoien antzera, bihoa nire kazetari-konfesioa azken ahalegin honetan: ez ditut iritzi orriak irakurtzen. Sekula ez dut egin, ez eguneroko informazioa idazten nuenean, ez eta orain zutabegile gisara ere.
Aitortzen dut, halaber, erreporteatzen aritzen nintzenean bezainbesteko kezka eragiten didala albiste irakurrienen zerrendan iritzi artikuluak informaziozkoak baino gorago topatzeak.
Twitterren garaian bizi gara, badakit: inork ez dauka astirik titular batez harago doan ezer irakurtzeko. Iritziak ere, zenbat eta prestatuago eta sinpleago eskaini, are hobe; denbora gutxiago horretan pentsatzeko. «Hau oso ni da» gisako adierazpenekin bentilatuko ditugu gure posizionamendu ariketak sare sozialetan.
Denbora falta, konfiantza falta: nork bere-bereak baino ez ditu irakurtzen (bere hedabideak, bere analistak, bere iritzi emaileak) eta horrekin osatzen du bere erakusleihoa. Ez izan beldurrik: informazio orrietan ere aski pista daude munduan ez galtzeko. Hiru urtez bere buruari zertan ari ote den galdezka aritu zaion zutabegile batek esaten dizue.
Orain, amaitu da etapa hau niretzat. Datorren ikasturtean ahots berri batek hartuko du toki hau: Ander Perezekin ere ez duzue iparrik galduko. Niri dagokidanean, prentsaren mundu magikotik at topatuko nauzue, edo bederen orri hauen beste aldean, kafe kikaradun irakurle. Fikzioa irakurri zale naiz, baina sekula ez da asmatuko errealitatea bezain liluragarria den kontakizunik. Hura narratzen eta etxeetara ekartzen dutenek munduko lanbiderik ederrena dute, Garcia Marquezek eta beste hainbatek esan izan duten moduan (izan ere, hori ere «oso ni» da). Eta egunkari honetan narratzaile onenetako batzuk egotearen zortea daukagu irakurleok. Beraz, hona plaza hau utzi aurreko nire barkamen-eskaeratxoa: ondo esanak ondo hartu, eta gaizki esanak papereko prentsaren efimerotasunaren esku utzi.
LARREPETIT
Azkena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu