Eneko Gorri.
LARREPETIT

Azkena bideko

2016ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Bo, are, banoa», «Hartuko duk, ba, beste bat?!», «Pfff... Tira'zak beaz; azkena bideko!». Ate-joka dugu denboraldiaren bukaera. Borroka sozialei esker lortutako oporraldiez gozatzen dugun bitartean, munduak ezaxolakeria erlatibo batekin bere dikotomia dorpea agerian ematen segitzen du: Nizako hildako kopuruari buruz orduz ordu berriak jasotzen ditugun bitartean, zer dakigu Siriako bonbardaketen biktimez? Gure hondartzetako uren kalitateaz erregularki informatuak garen bitartean, zer dakigu Greziako kostan lurreratzen diren ontziei buruz? Estatu kolpeari erantzunez Erdoganen gehiegikeriez emozionatzen diren hedabideek, zer zioten Turkiaz duela bi hilabete? Emozioen lege gupidagabea sobera jarraitzen duen mediakrazian bizi gara, telefono mugikorren alertek finkatutako erritmo eroan.

Eta selekzio horren aitzinean, zutabegileak bere hautuak egin behar. Ez da ariketa errexa; kanpora atera aitzin, gure barnera sartu behar dugu iritzien bila. Gaur egungo bizimodu eroarekin, berehalakotasuna eta pentsaera bakunduak eredutzat dauzkagun jendartean, gogoetatzeko tarte gutxi hartzen dugu azken finean. Egiazko gogoetaz ari naiz, ez kritika errexaz. Egia da kritikazalearen postura horrek badituela abantaila asko: eskuak ez zikintzea, izpiritu kritikoa duenaren soinekoa janztea, printzipioei eusten dion herritarra garela agerian ematea. Horregatik gara jarrera horretara hain errexki lerratzen? Segur den da jangelan jarririk errexki kritikatzen dela sukaldetik ateratzen dena.

Baliteke noiztenka orrialde hori eta lagunez betetako ostatu baten arteko desberdintasuna ez aski egin izana. Badakit irakurleak ez diela atentzio handirik ekarriko idatzitako zozokeriei, lagunek mozkorretako solasak barkatzen dakiten bezala. «Bon are, tirazan/k ron ttantta bat, azkena ta banoa!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.