Isiltasun solemnea, berunezko giroa. Goian, ezerezaren erdian, pista alderik alde zeharkatzen duen soka bat, hitzez osaturiko soka fin eta laxo bat. Idazle ekilibristak besoak zabaldu ditu eta oinez hasi da. Behean, iluntasunean gordeta, begira dagoen publikoa dago, arnasari eusten dion irakurle saldoa. Baina idazle ekilibristak ez ditu ikusten, ez ditu entzuten, ez sentitzen. Bakarrik dago, eta han daudela sinistu beste aukerarik ez du. Konfiantza izan. Irakurlearengan, bere buruarengan eta testuan. Konfiantza da oreka ez galtzeko modu bakarra.
Bertigoak gaina hartuta idatzi nuen 2022ko irailean lehen iritzi artikulua, eta ekilibrismoak egiten joan zitzaizkidan udazkena eta negua. Orekari hala-hola eusten nion arren, hasieratik izan nuen garbi erorketa saihetsezina zela, ez neukala zeru-goietan neure kabuz iraun ahal izateko behar zena. Beraz, ez nintzen harritu egun batean irrist egin eta nire oinek gehiago sokarik aurkitu ez zutenean. Lurrean, baina, ez neukan zain nik espero nuen suntsipena, ez mina, ez bukaera. Esku bat niri luzatuta, tango baten lehen notak. Irakurlearekin dantzan hasi nintzen. Eta dena aldatu zen.
Istorio bat idazlearen eta irakurlearen arteko kolaborazioa da, elkar hartze bat. Gidaria izango da bat eta gidatua bestea, baina bi behar dira tangoa dantzatzeko. Irakurlerik gabe ez dago ezer. Bikaina izanda ere, istorio bat ez da existitzen inork irakurtzen ez badu.
Luze jardun dut ostegunero zuekin dantzan, konplizitatez eta ilusioz; melodiak agortu zaizkit baina, eta gaurkoa izango da azken dantza. Zuri esker, irakurle, hurrena ekilibrismo sokara igotzen naizenean, ez diot erorketari halako beldurrik izango.