Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Azken betekia

2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ostegunean erosketa egiten ari nintzela, harategian, betekia eskatu nuen. Hamabostero berdina erosten nuenez, harakinari ez nion nahi nuen marka zein zen esan behar izan. Esan zidan ez zitzaiela geratzen, baina, gainera, ez zutela gehiago ekarriko, egileak enpresa itxi duela.

Egia esan, aspaldi nuen asmoa, auzoko beste dendaren batekin egin dudan bezala, beteki egilearekin kafe bat eta ohar batzuk hartu eta zutabe hau berari dedikatzekoa. Pandemiak arrasto diferenteak utzi dizkio norberari, niri Berlinen Kiez deitzen dioten unitate horrekiko (auzoa baino txikiagoa den eremu logistiko-afektiboa) atxikimendua handitu zidan.

Harategian dauzkaten gainontzeko betekien aldean, Ibero etxekoa zen onena. Hain zen ona, guk dastamen kontuengatik erosten genuen, egun batean etiketa elebiduna irakurri genuen arte. Deigarria zen euskara gazteleraren tamaina berean jartzea Iruñerria mendebaldean egindako produktu batean, baina, gainera, betekia osatzeko produktu guztiak Nafarroa Garaikoak ziren: Lekunberriko txerria; Faltzesko baratxuria; Arketako arroza; Jaitzeko gatza; Los Arcos, Etxalar eta Larriongo arrautzak, Corellako azafraia eta Iruñerriko tipula.

Harakinak esan zigun emakumea nekatuta zegoela: berakegiten zituela betekiak, berak zeramala furgoneta banaketa egiteko, bera arduratzen zela guzti-guztiaz eta, gainera, sarritan, asteburuetan ere azoketara joaten zela produktua saltzera. Tristurarekin sarritan gertatzen den bezala, aurreneko kolpea zeharo egoista izan zen: ezingo genuen gehiago beteki goxoena jan. Bigarrena, iluntzean, afalosteko paseoan, Iruñerriko izarren azpian zakurrarekin izan zen:ze mundua gurea, gure haurtzaroan ia edozein harategitan(guk Xabier karrikako Olorizenean erosten genuen) egiten zuten beteki hori gaur egun industrialki bakarrik da bideragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.