Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Auzitegi politikoa

2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Noizean behin, erdi ahaztuak genituen politikariak bat-batean berragertzen zaizkigu ustekabean, noizbait izandako sona berreskuratuko dutelakoan. Albiste berezi baten protagonista izaten saiatzen dira eta inon den lana egiten dute ikus-entzule babesgabeak besaulkitik salto egin dezan. Gutxi batzuek helburua beteko dute, eta garai bateko estatusera itzuliko dira —maiz tankeak kalera atereaz—; beste batzuek herritar txundituaren jauzi txikia besterik ez dute lortuko; gehienek ez dute segundo bateko harridurazko erantzun hori ere jasoko. Azken talde horretan sailkatuko nuke Ana Beltran Nafarroako Alderdi Popularreko burua.

Nafarroako Parlamentuak Elizaren sexu-abusuen biktimak omendu ditu aste honetan, eta oholtzara ateratzeko aukera baliatu du politikariak. Nafarroako Gobernuaren lege proposamena onartzen denean, biktima izaera aitortuko zaie Eliza katolikoaren zentroetan sexu-abusuak jasan dituzten pertsonei. Legeak Parlamentuko alderdi gehienen atxikimendua jaso du, batena izan ezik —hara, asmatu duzu!—; tira, behintzat, Navarra Suma ez da proposamenaren kontra ofizialki azaldu. Baina Beltranek—eskuineko alderdien koalizioko kide orain, auskalo etorkizunean— uste du Nafarroako Gobernuak Eliza katolikoaren aurkako gurutzada abiatu duela. «Auzitegi politiko» izendatu du gobernua.

Abusuen biktimen alde dagoela dio parlamentariak, baina bereak eta bi eginen ditu jarduera nardagarri horien egileek eta haien babesleek inpunitatean jarrai dezaten; hau da, abusuaren betikotasuna berma dadin. Normala da Beltran legearen kontra egotea: azken finean, legearen helburuak beteko balira, gehiegikeriaren biktimek aitortza jasotzeaz gain, jakitera emanen litzateke zer gertatu zen ikastetxe erlijiosoetako bulegoetan, sakristietako txokoetan eta komentuetako ziegetan.

Beltran katakonbetatik atera da, astakeria bota du eta, dudarik ez izan, zulo ilunera itzuliko da inor ez harritu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.