Larrepetit

Autoan

Arantxa Iturbe.
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Nahikoa dira bost minutu autoan. Sartu edozein hiritako edozein kaletan barrena. Aparkatuta dagoen autoak irten egin nahi du. Horixe ari da seinalatzen. Bata bestearen atzean prozesio etengabean datozenetakoren batek izango balu geratu eta bi minutuz itxaroteko detailea, oso gustura aterako litzatekeela bidera. Baina inork ez du bi minutuz itxaroteko detailerik, eta han egon beharko du kieto, aparkatu nahi duena tokatu arte. Ez da seguru asko abiapunturik errealena, hirietan autoa utzi nahi dutenen kopurua hartu eta joan nahi dutenena baino dezentez txikiagoa izaten delako (batez ere, zu aparkamentu bila zabiltzanetan). Baina balio du adibidetarako, errepidekoak zailagoak direlako hitzetara ekartzen. Ez, ezinezko.

Konforme. Hitzen trafikoa da gurea: errepidean orduan.

Bi norabidetakoa behar du. Goazela, datorren bat geratu da bide erdian, seinalatuz gure parean zeharkatu eta gure eskuinetara dagoen bidexkarakoa hartu nahi duela. Ez dago, ordea, semafororik, ez dago seinalerik, ez dago araurik. Beraz, inor ez dago geratzera behartua. Haren atzean ilada luzea osatzen ari da. Bat edo beste aspaldi hasi da bozina joka. Beste hainbeste entzun beharko ditu egoeraz jabetu, abiadura moteldu, parean geratu eta, irribarrez, gurutzatzeko keinua egiten dion gidariak. (Irribarrearena ere ez da seguru asko adibiderik errealena. Gero eta gidari gutxiagok egiten du irribarre, iragarkietan izan ezik).

Klaxona jotzen dutenetara iritsi nahi nuen. Zertarako jotzen dute? Hor daudela adierazteko? Zain daudela? Presa daukatela jakinarazteko? Fabore egiteko geratu beharrik ez dagoela esateko?

Esaten dute gidatzen goazenean beste gu bat azaltzen dela gure baitan. Gidatzeko erak hamaika azterketa soziologikok baino gehiago esango liguke gutaz. Baina klaxonarena bezalako frogarik ez, norbanakoaren jarrerak ikertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.