Maider Galardi

(Auto)defentsa

2025eko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Espero gabeko zerbait gertatu zen joan den ostiralean, eta ez zen izan bereziki oharkabean pasatu zen egun bat. Sorpresarik egon ez zedin, aspalditik nuen planeatuta orduz orduko eskema, eta urduritasunak gorabehera, ia aurreikusi bezala irten zen guztia. Dena kontrolatua nuen, negarra noiz egin nezakeen ere bai, oso negar egitekoa bainaiz, baina ongi baitakit zaurgarritasunari publikoan mugak jartzen. Esan berri didate eneagramako 3. tipoa naizela, eta hiruei asko inporta zaie irudi sozial eta publiko arrakastatsu bat ematea. Berean onenak direla uste dute, baina egiaz nahikonuke batzuk dira, gara. Ez zait 3a gustatzen, nahiago nuke 7a, baina hori ez omen da hautatzen, eta hor nengoen ni, tope hiru, tesia aurkezten ohoratzen ninduen aretoaren aurrean, defentsarako —hau da, ez bakarrik tribunalarentzako, baizik eta eserita zeuden lagun, kide, senide, elkarrizketatu eta etorriko diren kritiko eta kazetarien defentsarako— prest.

Halaxe egin nuen lehen zatia, kanpora botatzen nuen hitz bakoitzeko, barrua harrotasunez are gehiago puztuta. Amaitu zen aurkezpena, tribunalak eman zizkidan bere erantzunak, eta hamar minutuko deskantsua eskatu nuen zeremoniak aurrera egin eta nik galderei erantzun aurretik hankak luzatu genitzan. Irten nintzen kanpora eta «zorionak-zorionak», eta «eskerrik asko, baina ez da bukatu…», eta batek esan zidan: «Literatur txokoko whatsappera bidali dut Maialen Akizuren zutabea, aizu ze polita!». Nola? Zer? Hau bai ez nuela espero. Oraindik beste hiru ordu laurden bagenituen hor barruan eta nik jada burua BERRIAko zutabe hartan nuen. Tontakeria bat dela irudituko zaizue, baina urtebete daramat M., I., J., A., esponitzen eta neure burua beste aldean ikusteak, hain egun berezian, inpaktua eta emozioa eragin zizkidan. Emozioa eragiten dit, beste M.-ri buruz nik ere zutabe oso bat idatziko nukeelako, haren kasu azterketa egiten. Nola duen jakin-min aseezin bat, nola bere barneko bulkadek eramaten duten toki berrietara, nola ausartzen den gainontzekook ausarten ez garenera. Elkarri zutabeei buruzko galderak egiten dizkiogu, eta elkarri zutabeak loriatzen aritzen gara, nahiz eta gure hasierako asmoa zen tarteka beefeatzea. Inpaktatuta, ohartu naizelako tesian bezala, zutabeotan ingurukoen sekretuak haizatzen ditudala. Tesiko elkarrizketatuei baimena eskatu diet, lagunei ez hainbeste. Egin behar nuke? Tesi berri bat idazteko gogoa sartzen zait, baina badakit ari direla hor nonbait gaiari buruz pentsatzen defentsa baino autodefentsa ariketa behartu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.