Madrileko Liburutegi Nazionalean Maria Lejarraga idazlearen gaineko erakusketa bat dago. Bere bizitzaz deus ez badakizu, bikain. Politikaria izan zen, feminista, senarraren izen-abizenekin sinatzen zuen idazlea, eta Argentinako erbestean hil zen. Bere bizitzaz zerbait badakizu, ordea, amorratuta aterako zara. Espainiako antzerkigintzaren urte gozoetan Gregorio Martinez Sierrak sinatutako den-dena Maria Lejarragak idatzitakoa zen. Senarrak, orduko antzezle ospetsuarekin, Catalina Barcenarekin, harreman paraleloa izan zuen, eta alaba bat ere bai. Martinez Sierrak aitortu omen zuen Maria Lejarragaren egiletza hil aurretik, baina ez zuen testamentuan jarri. Eta hortaz, egile eskubide guztiak eskatu eta eskuratu zituen Catalina Barcenarekin izandako alabak. Hortxe hasi zen Maria Lejarraga bere testuak sinatzen, eta sasoi horretakoa da Gregorio y yo aitorpen liburua. Emakumezkoen sormenean usurpazioa ez da salbuespenekoa. Maria Lejarragari denborarekin egindako aitortza, neurri batean, bai.
Egunkari honek jaso zuen Amaia Alvarez Uriak Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa liburuaren karira esandakoa: «Literatura guztietan isildu da emakume idazleen lana, baita gurean ere». Eta esaldi horrek akordura ekarri dit aspaldiko bazkari bat; Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuan agertutako Estibaliz Sasiolakoaren poemen harira jazotakoa. Auskalokotasuna etengabe errepikatzen ziguten Sasiolaren egiletzan, Lazarragarekin, berriz, gertatzen ez zena. Zalantza versus ziurtasuna. Auskalokotasuna eta desagerpena izan dira aspaldiko emakume idazleen lurraldeak. Ai, Santxa Otxoa Ozaetakoa eta zuzi iraxegia!