Azken hiru urteko esperientziarekin, greziarrek nehork baino hobeki ikasi dute : defizita murrizteko, gobernuak austeritate plangintzak ezarri behar ditu. Horrek ekonomia izozten du, eta diru sartzeak murrizten. Ondorioz, defizita handitu eta austeritate plagintza berriak martxan ezarri behar, hazkundea gelditzen da, zerga sistema amiltzen, eta murriztu nahi zen defizita handitzen... gurpil zoroa.
Bart ez zen oraindik jakina Papandreuk bururaino eutsiko zion bere parioari, edo efektu mediatiko batekin atzera eginen duen, ardia artaldera itzultzen den bezala belarriak apalduz. Bizkitartean G20ko agintariak Canneseko Croisette delakoan 20 miloi euro bi egunez nola gastatu ez dakitela dabiltza, herri behartsuenendako ahal bezain guti emanez, anitz egiten dutela nola saldu gogoetatzen.
Zorrari aurre egiteko, beraz, diru maileguen bila dabiltza Estatuak. Arrazoiak nahiko luke Estatuek beren banku nazionalen bidez diru beharrak estaltzeko mailegu apalak lortu ahal izatea. Baina eraiki duten Europa neoliberalak debekatzen die. Ondorioz, banku zentral publikoak banku pribatuei dirua merke eskaintzen badie ere, banku pribatuek Estatuei urre prezioan ematen dizkie maileguak. «Finantza merkatua» deitzen duten iruzur horren bidez gaurko zorra estaltzeko, biharko zorra biderkatu besterik ez dute egiten... gurpil zoroa.
Krisia bai, baina ez denendako. Estatuetan, eta nazioartean, behartsu eta aberatsen arteko tartea etengabe handitzen ari da. Behartsuak gero eta pobreago eta aberatsak gero eta dirudunago. Finantza krisia, aberatsek sortu krisia da eta gobernuek aberatsenei pagarazi ordez, behartsuenen gain ezartzen dute. Krisia txiroenek dute ordaintzen zerbitzuen prezioen igoeraz eta zeharkako zergen handitzeaz, zerbitzu publikoak murriztuz bat. Azkenean aberatsek ordaintzen ez dituzten sosak inbertitzen dituzte, ondotik Estatuei interes lodiekin prestatzeko.
Larrepetit
Aupapandreu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu