Gizon handi baten atzean, beti dago emakume handi bat» entzuten hazi ginen gaurko eguna ospatzen dugun emakume gehienok. Horrela, behin eta berriz entzunda, ikasi genuen eta, agian, horrela errepikatuko genuen zentzu kritikoa garatu artean. Badakigu era horretako esakuneak ez direla definizioak, baina definizioek baino indar handiago dute askotan, belaunez belaun errotzen joaten direlako egia ukaezina bailira. Ez dakigu nork asmatuko zuen esaldia, emakumea atzean izatea nahi zuen gizonak edo gizon baten atzean egon beharra zuela uste zuen emakumeak.
Urteak joan ahala, ezagutu ditugu gizon handiak atzean emakume handirik ez zutenak, (ez zutelako emakumerik, atzeko emakumea ez zelako handia... edo haiekin lotutako emakumea ez zegoelako atzean) eta ezagutu ditugu ere emakume handiak inongo gizon handi baten atzean ez zeudenak (ez zutelako gizonik, zeukatena ez zelako handia... edo eurekin lotutako gizonaren atzean ez zeudelako). Eta jakin dugu gauzak beste era batera izan daitezkeela. Eta bidea egin dugu. Bide luzea. Ukaezina da egungo egoerara —oraindik osatu gabera— iristeko egin duguna itzela dela. Emakumeok egindakoa, etengabe, etxean, kalean, gizartearen esparru guztietan, bada goraipatzekoa. Zenbat aurreiritzi, oztopo eta zigor gainditu behar izan dira horretarako!
Baina lortutakoa ez zen posible izango gurekin batera joan diren gizonen lankidetzarik gabe. Haiek ere baztertu behar izan dute hasieran aipatu pentsamoldea, deskubritzeko kontua ez dela nor jarri atzean edo aurrean, parean baizik. Eurek ere beste egoera bat nahi izan dute ondoan duten emakumearentzat, lagunarentzat, alabarentzat, amarentzat. Ulertu dute, eta berea egin dute. Parekotasunaren aldeko borroka gizonarena ere badelako.
Eta hori da, hain zuzen, gaurko aldarria. Etxean, lantokian, kalean egitekoa: Emakume librearen alboan, gizon librea. Ez gehiago. Ez gutxiago.
Larrepetit
Atzean, aurrean edo...?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu