Larrepetit

Aste Santua

2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hutsik geldituko dira auzoko kaleak» esan zigun arrain-saltzaileak, «Jende guztia kanpora doa». «Zer egin behar duzue Aste Santuan?», «Nora zoazte?» izan dira egun hauetan gehien errepikatzen ziren galderak. Bidaia, autoa, kilometroak, hotela, kanpina, bungalowa, landetxea, apartamentua... egun hauetan gehien entzun diren hitzak. Eguraldiaren iragarpena, Interneten gehien begiratzen zen webgunea, sportwear arropa saltoki handietan gehien atera den salgaia. Bagoaz. Badatoz. Gu haien herrira, haiek gurera. Populazioaren banaketa egun batzuez aldatuko da. Hiriko kale batzuk beteko zaizkigu eta hustu besteak. «Hutsik geldituko dira auzoko kaleak».

Ez ziren hutsik gelditzen gure ume garaiko Aste Santuan. Haurrak oporretan, langile jendea jaian, baina orduan ez ginen joaten. Dendak ixten ziren, tabernak ere bai. Zine aretoetan ez zen pelikularik ematen. Zabalik zegoen bakarra eliza zen. Ostegunetik igandera elizkizunetan egiten genuen topo bizilagunek. Eta eliza irteeran. Eta kale eta plazetan.

Gaur, berriz, ez daude auzokoak. Hustu dira kaleak. Joan ez garenok gara lekuko.

Jaitsi gara egunkaria erostera eta ez ditugu ikusi beste jaiegunetako goiztiarrak. Okindegian ez dago ilararik. Kafetegiko mahaietan bezero bakarra egunkaria irakurtzen. Auto zaratarik ez. Hutsartez beteta bidearen alboko aparkalekuak. Isiltasuna nagusi.

Denborak dakarren aldaketaz pentsatu dugu etxera igotzean. Jai hauek ospatzeko moduan izan den bilakaeraz. Zertan gelditu den santuarena? Esanahiaz galdetu diogu geure buruari eta hiztegian begiratu dugu. «Santua: perfektu eta erru guztietatik libre; Jainkoari bereziki eskainia; erlijio arrazoiengatik agurgarri; sakratua, bortxaezina; gizakiari probetxu berezia dakarkiona». Leihoa zabaldu eta goizeko isiltasuna dastatzerakoan, konturatu gara —detaile batzuengatik izan ezik— astearen izenak ez duela galdu esanahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.