Euskaltzaindiak adiera bakarra aitortzen dio aspektu hitzari: «Aditzaren gramatika-kategoria, aditz ekintza bat burutua den ala ez adierazten duena». Sarasolak Egungo Euskararen Hiztegian beste bat, eta bakarra hau ere: «Zerbait edo norbait ikus edo aztertu daitekeen modua», erabilera arruntago bat onarturik.
Orotarikoan, aldiz, ez zaigu agertuko, 1987 arte maiz erabili ez zen seinale. Ereduzko Prosa Gaur corpusean (2000-2006) 73 agerraldi daude, ostera, bai BERRIAn, baita Joxe Azurmendi zein Unai Iturriagaren testuetan, zein itzulpen zenbaitetan, adibidez. Ostera, urtarrilaren 25eko BERRIAn ez dut batere aurkitu, Euskaltzaindiaren irizpidearen eraginez, nonbait.
Dena dela, Orotarikoan aspekto dago, eta adibide bat, Joseph Otxoa de Arinek 1713an argitaratu zuen Doctrina Christianaren Explicacioa Villa Franca Guipuzcoaco onetan euscaraz itz eguiten dan moduan delakotik jalgia. Otxoa Arinek —guk hala deritzagu— beste adiera batean erabili zuen, antzemangaitza, esan nahi zuenaren aringarri apika: «Izan ote deban aspekto torperik, musurik, laztanik edo tokamenturik personaren batekin».
Pasarte horren ondoren ezin eutsi gehiago irakurtzeko gogoari, eta horrela errealizatu dut —ingelesez diotenez— sexuari buruzko bekatuak gizonentzat bakarrik azaldu zituela Otxoak. «Bere borondatez loitu ote dan, edo prokuratu ote deban bere burua loitzea: ote zedukan horduan personaren bat memorian, edo bere pensamentuan» dioenean, kasu.
Izatearen arintasun jasanezina irakurtzen ari, 20-21 urterekin, eta halako batean ohartu nintzen Kunderak bere moduko gizonei idazten ziela, haiekin eta haietaz ari zela gogoeta egiten. Bera bakarrik ez, noski. Emakumea izatearen aspektuak.