Asmatu. Hitzak asma ditzakegu. Egoerak. Pertsonaiak. Objektuak. Lehenago ez zeudenak. Eta hori egundokoa da. Gure irudimenaren emaitza delako. Hutsetik sortua.
Gustuko dut asmatzea. Eta asmakizunak. Asmakuntzak ere bai. Ohea da, dudarik gabe, asmakuntzarik onena. Egunero asmatzen dute zerbait, munduko tokiren batean. Guri bizimodua errazteko. Eta gure kontura dirua irabazteko, nola ez.
Baina jada ez dakite zer asmatu. Bibratzen duen sardexka bat merkaturatu berri dute, Frantzian. Hortz arteak garbi mantentzeko ote? Ez. Polikiago jatea ei du helburu. Dardarak azkar jatea eragozten omen du. Gizentasunari aurre egiteko balio duela diote. Ezagutzen ogitartekoak edo txokolate ontzak sardexkarekin jaten dituen inor?
Harrigarriena da jendeak erosi egiten dituela. Txinan, silikonazko sabel faltsuak modan jartzen ari direla irakurri nuen duela gutxi. Eta ez sumo borrokalariz mozorrotzeko. Ezta gizonezkoentzat ere, haurdun egotea zer den jakin dezaten; kontzientzia pizteko. Bai zera. Haurdunen «pribilegioak» lortzeko erabiltzen dituzte. Itxurak egiteko. Autobusean eserita joateko, adibidez.
Gaur egun nekeza da objektu erabilgarri eta originalak asmatzea. Ia dena asmatuta dago. Tirita beltza patentatu zuena bai, hura majo aberastu zen! Kolorea aldatu, eta listo. Izan ere, zenbaitetan, beste batzuk aberasten dira. Asmatzailearen ordez. Graham Bellek ez zuen telefonoa asmatu. Ezta Edisonek bonbilla ere.
Antzeko zerbait gertatu omen zitzaion Legazpiko gizon bati. Trenean ondoan eseri, eta halaxe kontatu zidan: bera zela airbagaren asmatzailea. Baina gerrikoan jartzeko airbaga zela berea, ez bolantekoa. Egia izan daiteke. Zergatik ez. «Bakarrik egiten den ohea» ere Villabonako batek asmatu zuen, iaz. Baina berak asmatutako istorio bat ere izan daiteke. Zerbait asmatu zuela, hori seguru.
Larrepetit
Asmatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu