Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Asmakizun onena

2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ez du asmakizun hoberik izan Espainiak. Ez Peralen urpekuntzia, ez De la Ciervaren autogiroa, ez Torres Quevedoren teleferikoa, orduko donostiarrak eta turistak Ulia gainera igo zituen hura, are gutxiago kantxila, futbolina, chupa-chupsa edota Jalon ingeniari militarraren lanbasa, zoru garbiketan «emakumea makurtzetik askatu» zuena. Huskeriak guztiak trantsizioa delakoaren aldean.

Espainiak hala lagunduko diola agindu dio Arancha Gonzalez tolosar ministroak Bielorrusiako oposizioari, «espainiar erako trantsizioa» prestatzen. Marka komertziala da dagoeneko. Ez dakit asmatuko duten, ze osagai dezente behar baita: orain esaten den bezala, «sukaldeko lan» handia, zerbitzu sekretu aipaezinen lan handiagoa, baina batez ere propaganda aparatu gaitza, jardunaren jardunaz jendeari Ilargiko baso ederretan urretxindorrak kantari dabiltzala sinestaraziko diona.

Espainian, lortu zuten. Badu Jose Agustin Goytisolok letra bat, garai batean, guk Paco Ibañezi esker ikasi genuena: «bazen behin otso zintzo bat, ardi guztiek jotzen zutena; eta bazen ere printze gaiztoa, sorgin ederra bat eta pirata zintzoa. Gauza horiek guztiak zeuden nik itzuritara amesten nuen munduan». Hala ikusi dugu guk ere ezina zirudiena: monarkiko egin diren alderdi komunistak eta sozialistak; diktadura baten ostean garbitu ez ziren Polizia, Armada eta Judikatura; hegalpe hartantxe hazitako oligarkia ekonomikoa, gerora ere loditzen dabilena; amnesiaren izenean inoiz ikertu ez diren hamaika tortura eta krimen estatuko, eta gingarako, aingeruek bezala hitz egiten duen erregea, espainiarren arteko itun eske, «konfrontazio eta zatiketa garai luzearen ostean». Berrogei urteko diktaduraz ari da, baina oso da inportantea trantsizioa delakoa salgarri izateko hitzak izatea bezatuak eta eufemismoak paregabeak.

Beti bezala, asmatzea da kontua. Eta ari eta ari, komertzial onak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.