Sustatu.eus-en aste honetan irakurri dut munduko populazioaren herenak duela facebook-en kontua, eta ilea laztu zait, gaiaz hausnarrean hasi eta pentsatuta horrek noraino aldatu ditzakeen gure arteko harremanak. Hau da, jendea elkarrekin konektatzen laguntzen dutela aitortu behar zaiola txandaldun Zuckerberg horri (atzerrian ditudan lagun gutxiekin dudan lotune bakarra horixe dut, adibidez), baina lotura horien ezaugarriak aldatzen ari dira sare sozialen bidez, dudarik gabe. Ni, pertsonalki, gero eta urduriago jartzen naiz inork telefonoz deitzen badit, eta gero eta erosoago aletzen ditut mezularitza-zerbitzu bidez gai nahiko transzendentalak, edo jasotzen ditut harreman-sareen bidez inporta zaizkidan iruzkinak. Agian izango da gordeago, ez horren ageriko, agertzeko sentsazioa dugula telefonoa begi aurrean dugunean, eta ez belarrian. Tristea-edo.
Konplexurik gabe onartzen ditut harreman-modu berriak, ez dut uste bereziki tekno-nostalgikoa naizenik, baina ezinegona sortzen didate (zer gutxiago, ezta?). Are, kezka sortzen dit hainbeste predikatzen den jendearen arteko «lotura» hitzak ezin apartatu duen adiera zehatzak; alegia, «lotuta egotea», «aske egotearen» kontrako zentzu hertsian. Gaur egun, zerbait antolatzen baduzu (bertso-afari bat, hitzaldi bat, rave bat), lehenengo, kartela egin behar duzu, gero, sare sozialetara igo, gero, whatsapp-ez bidali, ostean, mailing-a egin, eta, azkenik, indarrik (eta inprentarako dirurik) geratzen bazaizu, inprimatu eta kalean jarri. Oraindik gelditzen da jende bat (jende hori) urteroko zita batera (adibidez, demagun, ermita baten inguruan uztailaren bigarren igandean egiten den erromeria batera) aurrez inolako estimulurik, informaziorik, deialdirik jaso gabe joaten dena. Arrisku-kirol sozial bihurtzen ari den joera bat da, itsu-itsuan sozializatzeko modu bat. Baina zein askea.
LARREPETIT
Askatasun modu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu