Irudiaren aroak bizi gaitu, aspaldiko leloa da. Irudiaren nagusitasuna hanpatzen da non-nahi, eta batez ere irudiaren ahalmen anestesikoa da nagusi. Irudi-saltsa hori (eta irudi-saltze hori) bizi-bizi dugu hauteskunde aldietan, eta zoritxarrez, irudi-pilatze horiek gutxitan dute helburu hautesleak ernaraztea, ikusleak aztoratzea. Irudi usatuak dira nagusi, lo-kuluxkan gozo egon gaitezen. Irudiaren aroak bizi gaitu, eta alfabetatze bisuala ez da kezka-gai, ikusle kritikoak sortzeko premiak ez gaitu jotzen, oro har. Areago, alderantzizkoa da diskurtso nagusia gaur egun. Erakargarri izan beharra daukagu, ikusleak seduzitu egin behar dira, eta inolaz ere xaxatu, zirikatu, edo deseroso sentiarazi.
Donostiako Okendo Kultur Etxeko Begirada kontzienteak argazki-erakusketak xaxatu nau, eta neure begiradak arrozteko ahalmena izan du. Fernando Moleresen eta Sergi Camararen argazkiak ditu ardatz erakusketak, garapen bidean dauden herrialdeetako errealitate gordina iruditara ekarriz, eta gure begiradan arduraren izpia sorraraziz: zabor elektronikoa, ehungintza, haurren esplotazioa, mugetako indarkeria…
Bi argazkilari horien lan indartsuen ondoan, Nora Arroita argazkilariaren lan bikainak ere badaude: irudi horien ifrentzua eraiki nahian, geure espazio hurbiletako irudiak ekarri ditu argazkietara, kontraste eraginkorrak sortuz, hurbilekoa eta urrunekoa aurrez aurre jarriz. Irudiaren indarraz ohartzen gara erakusketan, irudiaren indar subertsibo horretaz, irudi arautuak pitzatzeko ahalmenaz, geure begirada izoztuak arrozteko gaitasunaz. Foto-kazetaritzaren edota argazkigintza artistikoaren bidea horixe izan ohi da, geure begirada zurrunetan arrakalak sortzea, imajinario bisual kolektiboa dantzan jartzea. Eskertzekoa, tarteka, gu ernarazteko ahalegin horretan inor tematzea.
Larrepetit
Arroztu begiradak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu