Iñigo Aranbarri.

Arrasate, Kalifornia

2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Gustura entzuten diot lagunari aititaren istorioa kontatzen. Badoa gizona, gaztea artean, trenean Far Westean, Kalifornia aldean. Hasi da parekoarekin berbetan eta… nongoa zara ba?, batak. Euskalduna, besteak. Bagara bi! Eta nongoa? Bizkaitarra. Neu be bai! Eta nongoa? Ispasterkoa. Ispasterkoa? Neu be bai! Eta zer etxetakoa? Egun hartan ezagutu omen zuen lagunaren aitonak anaia nagusia, urte mordoxka bat lehenago emigrazioak lekutua hura ere.

Nola ez dakidala, Ispasterko anaia biena ekarri dit gogora Jagoba Arrasaterenak. Riad puntan, gazteleraz kazetari euskaldunak entrenatzaileari. «Bagara bi!» esan behar izan du publikoki Osasunakoak ere: «Bueno, euskaraz erantzungotsut, ze ez dot ulertzen hainbeste medixo kanpotar egonda, erderaz erantzun biher ixetie zuri». Hasi orduko eten dio berba, ordea, treneko txartel-zulatzaileak Madrileko estudio federaletik, ohiko ironia zuriz: «Ez daukat euskara jakiteko zorterik…».

Eta txalo egin dio galdera egileak berak, azaldu du zergatia. Txalo egin zaio etxean, guztiok gara euskaltzaleak Espainian horrela hartzen gaituztenean, baita euren hedabideetan euskaraz hitzik egiten ez duten firmak ere. Antzeko zerbait ikusi genuen Gaizka Garitanorekin 2015ean. Eta hahor galdera: zertara dator hau guztia euskalduna bere burua itzultzera behartzen denean etengabean; eguna joan eguna etorri, «bagara bi!» izatera kondenatzen denean. Zer dinamika sistematikok bortxatzen ditu lehen mailako futbol entrenatzaileak militante gisa agertzera?

Interbiua Josu Martinez zinegileari kazeta honetan berean: «Ustez euskararen alde ari direla diotenek ere gustatuko ez zaizkien gauzak entzun behar dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.