Gure bertso-eskolako diruzainak neurriz gaineko dimentsioa deitzen dio. Termino biek arazo berberaren gainean dihardute, baina lehenengoak egoeraren zergatietara hurbiltzen gaitu. Bide batez, erakunde publiko eta elkarte autoeratuen arteko hartu-emanetan, baliabide publikoak banatzeko irizpideen eraginkortasunik eza salatu gura nuke. Hain zuzen ere, ematen du kulturgintzan eraginkortasunak, eta lan kargak, ondorioz, ezin dutela irizpide izan. Urteetako harreman pertsonalen jarraitasuna, diru laguntzetara aurkeztutako urte kopurua eta zure proiektu bakoitzari kontrol mekanismoen galderarik ez eragiteko ipintzen dizkiezun mozorro juridikoetan oinarritutako ekidistantziaren armonia bilatzen dute baliabideen banaketaren arduradunek. Eta eguerdiro mahaira hurreratzen zaien aho kopuruaz hitz egingo dizute proiektu arrakastatsuak baliabiderik ezagatik hiltzera kondenatzen dabiltzala gogoratzen diezunean.
Kultur erakunde herrikoiak pagotxa dira instituzioentzat. Eskaintzen ez dituzten zerbitzuak merkatuko prezioen azpitik kalitate handiagoz kontratatu eta politikoki errentabilizatzeko aukera ematen diete. Militantea, eurentzat, ardura ez zaizkien arrazoiengatik kobratzen ez duen langile motibatua da.
Lehengoan Bizkaiko astialdi talde baten kasua entzun nuen. Herriko ludoteka berpiztu eta egunero hiru ume agertzetik, sartzeko txartel bidezko txandari itxaron beharrera igaro dira denbora gutxian. Arrakasta eta eraginkortasunak, ostera, elkartea itomen eta krisira eraman dute. Noski, instituzioei ezin diezu urte batetik bestera ordura arte militantzia hutsez egiten zenuena egiteko baliabiderik eskatu. Hori urtez urte, apurka-apurka, diru partida txikiak metatzeko izen ezberdinen amaraun bidez lortu behar duzula esango dizute. Bitartean, proiektua hilko da bere eraginkortasun eta arrakastaren ondorioz.
Biziraupenak mediokritate eta losintxa ditu abizen.
Larrepetit
Arrakastak hil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu