Periodikoa irakurtzen duenak badaki aurreko astean zutabegile batek baino gehiagok aipatu genuela Angela Davisek Lur planetako itxaropentsuoi egin zigula deia ingurura begiratzeko eta baieztatzeko inbestidura bat baino gauza interesgarri gehiago gertatzen ari dela orain momentuan han eta hemengo munduko zokoetan. Baliagarria izango zaigu, halaber, han eta hemengo zokoak begiz jota izatea, noizbait norabait ihes egin behar badugu nora joan jakiteko. Etxe Zuriari nola, azken boladan sare sozial mainstream-ei homofobia, faxismoa, negozio ilunen airea eta misoginia usain jasangaitza darie, eta zortea dugu gutako askok ihesbidea badugulako, mundu erreala bezain egiazkoa den mundu birtual horren oldarkortasunetik ihesi. Ezkutaketa jolasa algoritmoen basoetan.
Eta hezur-haragizko ihesaldiak abiatu behar baditugu? Irudikatu al duzu zure babeslekua? Non dago zure basoa? Imajinatu al duzu Davisen esperantzaren diziplinari heltzen dion leku hori, herria duintasunez altxatzen dena, berea defendatzen duena, babesgune bat dena ekosistema osatzen dugun elementu guztiontzako. Arnasgune bat euskararentzako. Leku seguru bat etsaitasunez betetako mundu honetan iraun ahal izateko. Ihesbide baino bizitoki dena (jada) askorentzat. Aroztegia izan daiteke horietako bat, eta hain ongi dakite hori, ezen suntsitu nahi baitute luxuzko resort erraldoi bat eraikitzeko, eta bizitzaren aldeko militanteak ito nahi dituzte espetxe zigor eta isun ekonomikoekin. Ez gaitezen gu begira geratu, gero eta leku seguru gutxiago geratuko baitzaizkigu han eta hemen, eta, bere txikian, inbestidura batek baino inpaktu gehiago izango baitu gurean Baztan aldean gertatzen ari denak.