Ander Perez Argote

Armarriarena

2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Euskal Herriko armarria frontoitik ezabatzeko agindu dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Atarrabiako Udalari, eta albistea lehenago ere irakurri bazenu bezala sentitu duzu zuk. Ez da lehen aldia Nafarroan horrelakorik gertatzen denik, eta hortaz, bizitakoak bizita, zaila zaizu gaiari alde politikoa ez den beste edonondik begiratzea.

Kontua da, hain justu, sinboloaren eduki politikoan oinarritu dela auzitegia armarria debekatzeko, frontoian hura pintatzea «posizio politiko jakin baten alde posizionatzea» dela esanda, eta horrek erakunde publiko baten neutraltasuna oztopatzen duela ondorioztatuta.

Epaiaren kontra —eta ziur aski, joko arauak zeintzuk diren eta irabaztekotan non irabazi daitekeen ongi jakinda—, armarria kulturarekin eta kirolarekin lotzen saiatu dira batzuk, asmo politikoa bigarren mailan utzita. Baina zuk badakizu ez zenituela kultura eta kirola burutan institutu garaian armarria karpetan marrazten zenuenean; asmo politiko osoz ari zinen. Eta, beraz, ez zaizu larriena egin auzitegi batek dimentsio politiko hori onartzea eta, ondorioz, zeharka bada ere, konpondu gabeko gatazka politiko baten existentzia asumitzea. Beste gauza bat da zergatik hartzen den armarriarena hautu politikotzat, eta zergatik den neutroa frankistek inposatutako bandera bat balkoian jarri behar izatea.

Disidentzia mota guztiei gertatzen zaie, berezkotzat ematen denaren kontra ahoa ireki aldiro: gaiak politizatzea leporatuko zaie etengabe. Parean duten horren oinarria ere politikoa dela ahaztuta. Baina zerbait debekatzea legezkoa bada, eta zerbait aldarrikatzea debekatua, orduan, politikaz baino ezin da hitz egin hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.