Aspaldi zen ez genituela lagunartean katalan independentisten gorabeherak hizketagai, eta behin jarrita, oraingo egoera komentatzekoez ezik, sei urte atzera egiteko ere baliatu genuen aurrekoan afalosteko solasaldia. 2017ko urriaren lehena gogoratuta, halako masa sozial bat independentziaren alde lerratzearen atzean egon daitezkeen azalpenen bila aritu ginen. Beste behin ondorio berera iristeko: nola den gako, Kataluniaren kasuan, gizartea aldetik aldera zeharkatzen duen hizkuntza eta kultura partekatu bat izatea. Nola ondokoarekin herri pertenentzia bat partekatzeak esplika dezakeen, adibidez, une politiko jakin batean PSCko boto-emaile batek independentziaren alde egitea. Edota, kontrara, ze irudikaezina zaigun hori bera gurean, PSNko hautesleak euskaratik eta euskal kulturatik hain urruti bizi diren gure lurralde honetan.
Guk hori baldin badakigu,bistan da besteek ere badakitela. Horregatik da jakina, tartean egon daitezkeen fobia eta konplexuetatik harago, edota ahoz aho darabilten errealitate soziolinguistikoaren mantrak mantra, euskara Nafarroa osoan ardatz eta hizkuntza bateratzailea izateak eduki ditzakeen inplikazio politikoak direla euskara zokoratzeko jarreretan lehen arrazoia. Duda oro uxatu ditu aste honetako telebista programa bateko elkarrizketak: «Zertaz ez duzu inoiz hitz egingo [EH] Bildurekin?», galdetzen dio Navarra TV kateko aurkezleak Maria Txibite Nafarroako presidenteari. «Tira, hitz egin, gauza askotaz hitz egin dezakegu. Gauza bat da hitz egitea eta bestea akordioetara iristea. Adibidez, euskara Nafarroa osoan ofizial izateko aldarrikapen historikoa. Hor, noski, ez gara ados jarriko».
Badaezpada: Txibite ez da kongresukideek beren hizkuntzan esaten dutena ez ulertzeko pinganilloak Sanchezen mahai gainean mespretxuz utzi dituztenen alderdikoa. Euskara, katalana eta galegoa Europa osoan ofizial izan daitezen proposatu duen alderdikoa baizik. Argitzearren.
LARREPETIT
Argitzearren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu