Euskadiko lehendakariak faraoiak balira, Mendebaleko Inperioaren koroa leramakete, Gernikako arbolaz apaindurikoa, baina kateez eta lehoi zein flordelisez gabetua.
Faraoiak balira, egiptoeraz par-o eta euskaraz Etxeandia izena lukete. Inperio Zaharreko faraoiak, Agirre lehendakariak, agintari onaren ezaugarriak zizelkatu zituen gure gogoan: «Aurkari politikoen artean elkarrizketa eta adostasuna eragiteko trebetasun aparta zuelako, mundu osoarekin elkartasunez jardun zuelako eta, ideologia kristau eta abertzaletik abiatuta, politika, gizarte nahiz kultura arloetan asmo aurrerakoiak bultzatu zituelako» (Wikipedia).
Aldiz, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusi ohia irudika nezake bere piramidea eraikitzen ari diren jopuak begi zorrotzez begiratzen. Etxean uso izango da, baina, zer nahi duzue: otsoa ezagutu nik. EAJko arauaren salbuespena.
Eredu publiko onbera eta bakezale horren bigarren maillota Ardanza lehendakariak merezi luke. Aski bitez atzoz gero entzundakoak —artean Patxi Lopez nire lehendakariarenak, faraoi izatekotan Akenaton litzatekeena—. Wikipediak beste Jose Antonio hari esleitutako hitzek berdin balio lukete, amaierakoak kendurik, ez bainaiz gai Ardanzaren agintaldian politika eta gizarte gaietan egin zirenak neurtzeko. Eta kulturan Guggenheimez hitz egin behar nukeelako, berriz.
Ardanza lehendakariak Diaz Arkotxarekin hasi eta Jose Ignazio Iruretagoienarekin buka, erailketa zerrenda itzela bizitu zuen, artean Yoyes, Portugaleteko herriko etxe sozialista, Hipercor, Vich eta Miguel Ángel Blanco. Asko da esatea.
Txaleta eta Euskaltel, bai. Harria bota dezakeenak bota dezala, baina faraoirik izatekotan Mendebaleko Inperio honek Ardanza gehiago behar lituzke, eta hiksoek areago.