Goizalde Landabaso

Arazoa

2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Egunotan Parisen Le Bal des Débutantes (Hasiberrien dantzaldia) izan omen da. Aberatsen alabak ezkongarri zirenean horrelako dantzaldietan aurkezten zituzten. Ganadu azoka bat baino zibilizatuago zen, noski. Onargarriagoa. Finean, baina, neskatilak merkaturatzeko ariketa baino ez zen. Coldplay taldeko kantariaren alaba, Apple Martin, aitarekin dantzan ikusi dut dantzaldi horretan. Aita, harro; alaba, berriz, pozik; Valentino soineko ederrarekin. The Guardian egunkarian diote modan jarri direla XIX. mendetik datozen dantzaldi atzerakoi hauek; jakina, ekonomia puztua dutenen artean. Pentsa zenezake, irakurle estimatua, inbidia gorriaren adierazle baino ez dela hau dena, nik ez bainuen horrelako dantzaldirik izan. Eta arrazoi duzu: nik ez nuen horrelako dantzaldirik egin. Lagun batek esan dit dagoeneko ez dela merkaturatze kontua, prestigio kontua dela, norbera talde pribilegiatukoa dela adierazteko bidea.

«Baina gauzak ez dira hainbeste aldatu», ziostan lagunak. 

Azken egunotan sare sozial ezberdinetan sexu abusuak aitortzeko txokoak zabaldu dituzte. Euskal Herriko emakumeak dira sexu abusuen eskailera aurkeztu dutenak. Irakasleak, begiraleak, familiako lagunak edo senitartekoak, abadeak, lankideak, mutil lagunak eta mutil lagun ohiak… erasotzaileen zerrenda amaigabea da. Egoerak hain egunerokoak. Edozein emakumek konta diezazkizuke horrelako hamaika. Nire inguruko gizonen bat txundituta geratu da. «Hainbeste?», galdetu du. Batzuetan hainbeste normalizatzen dugu anormala dena, bere larritasunaren dimentsioa galtzen dugula. Nahikoa da, ordea, denak kolpean irakurtzea jabetzeko: arazo handia daukagu oraindik ere, eta gizartearen erdiak (gutxienez) pairatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.