Bitxia da, zeharo, gertakizun batek denbora pasata har dezakeen forma. Vesuvio sumendiak suntsitu eta estali zuen Ponpeiarena izan daiteke horren adierazgarri. Hasteko, «Ponpeia ez balute lurpetik atera, haren arrastoa historiaren erregistroetan hutsala litzateke» (Hales eta Paul). Hiria, literalki, lurpean geratu zen, ardo ekoizpenerako lur onak zirelako itzuli zen jendea. 1600. urtearen inguruan topatu zituzten hondakinak, baina ez zuen interesik sortu. 1740ra arte ez ziren arkeologoak lanean hasi aurkikuntzak zaharberritzen, Susan Buck-Morssek kontatzen du orduan hasi zirela Europako kultur eliteak bertaratzen. Antza denez, Ilustrazioan egin zen irakurketetako bat izan zen Ponpeian jazotakoa bizitzako plazer sentsualengatik gertatutako zigorraren lekuko zela.
Gisa berean, Lisboako 1755eko lurrikarak inperioaren portua suntsitu zuenean Voltairek zalantzan jarri zuen giza patuarekiko interesa zuen jainkorik egongo ote zen, Kantek ezagutza zientifikoari laudorio egin zion (alegia, faila sismikoak non ziren jakin behar zela bertan ez eraikitzeko), baina Malagrida apaiz jesuitak adierazi zuen Lisboaren suntsiketa jainkoaren zigor bat zela Portugalek kolonizatutako Brasilgo indigenei eragin zitzaien lukurreriarengatik (Pombal lehen ministro portugesak Malagrida zigortu zuen traizioa eta gero heresia leporatuta).
Edonola eta Italiar penintsulara itzulita, Ponpeia irudimen publikora Edward Bulwer-Lytton-en Ponpeiako azken egunak nobela historikoarekin zabaldu zen. Liburuak, gainera, hondamendiak lantzen zituzten narratiben inguruko genero oso bat zabaldu zuen, masentzako entretenimendu bat. XIX. mendeko liburu hark, gainera, gerora Hollywooden eragina izango zuen: apokalipsiaren klixeak finkatu zituen. Bulwer-Lyttonen ñabardura arkeologikoak oso ongi ikertuak omen zeuden, baina atzean zuen mezua moralismo viktoriarra besterik ez zen: «Herri xehe, libertino eta aberastasunera eta luxura gaizki ohitutakoak merezi zuen zigorra jaso zuen».
Ia seguru itzuliko naizela Susan Buck-Morss-en azken harribitxia hona ekartzera (Year 1: A Philosophical Recounting), beti bezain aberatsa da (2021ean atera zuten ingelesez, 2024an gazteleraz).