Gaur bezalaxe, igandea egokitu zen apirilaren 13a. Azkoitiko parrokian, gogor jardun zien Olaskoaga erretoreak lehen aulkietako jauntxoei, ez saltzeko gari eta artorik kanpora, handia zela beharra-eta herrian. Biharamunean, Mendarorantz zihoazen asto zamatuak atzeman zituzten zenbait herritarrek. Itzularazirik, neke handirik gabe lortu zen herriko jauntxoen konpromisoa. Hala hasi zen 1766ko matxinada.
Hurrengo ordu eta egunetan, abiada bizian datoz gertaerak. Azpeitiko handikiak, ikusirik zer zetorkien Azkoitikoa herrian errepikatuz gero, laguntza eskatu eta armatu egin ziren. Alferrik, oihu eta mehatxu artean, gosearen beldur ziren milaka herritarrek oinarrizko jangaien prezioen eta neurrien gaineko kapitulazioak sinatzera behartu zituzten. Aurrenekoz, goikoak bajuen mendera makurtu ziren.
Errepresioa ez zen nolanahikoa izan, garbitu beharra zegoen «Gipuzkoaren ohorea eta izen ona». Andre eta gizon, ehun lagunetik gora atxilotu zituzten tropek. Bertan behera geratu ziren aurreko egunetan onartutako lege matxinoak. Epaiketetan, gertaeretan inor zauritu ez zen arren, heriotza zigorra eskatu zuten bi herrietako jauntxoek matxinada buruentzat. Gaztelako korrejidoreak ekidin zuen Euskal Ilustrazioaren buru argienen mendekua. Preso-sokan zeramatela, «istripu» baten ondorioz hil zitzaien Urreta zapataria; asko izan ziren Afrikako galeretan betiko galdu zirenak.
Egindako lanaren truke duin bizitzeko baldintzak eskatzen zituzten batzuek; besteek, beharrak behar, espekulatzeko eskubidea. Eta halaxe heldu gara egungo titularretara, besteren lepotik gizentzea lorpen unibertsaltzat aldarrikatuta. Bihar, orduan bezala, astelehena izango da apirilaren 14a.