Egun handia gaur Hondarribian. Udal agintari berriek Jaizkibeli konpainia gisa desfilatzeko eman baimenari esker bat egingo dute, estreinakoz, alarde parekideak eta baztertzaileak Gernikako Arbolan. Beste koskatxo bat oraino urrun den desfile bakarraren bidean. Isil nadin baina, zorionez ez baitut herritarrek 1638tik belaunaldiz belaunaldi jaso omen duten sortzetiko sentimenduaren tantarik eta, bide batez, gaiaz mintzatzeko eskubiderik.
Lekeition, erretiratu dira portutik Antzar Egunean parte hartu duten potinak. Inoiz baino gehiago aurten, noiz eta hegazti guztiak, ostera ere, mekanikoak izan direnean. Bizirik jartzen ziren hasieran, hilik gero, poliuretanozkoak dira orain. Horra azken aldaketa Hondarribiko alardea baino zaharragoa den usadioan. Garai batean marinelen jokoa zen; egun ez dago ia arrantzalerik herrian. Aspaldi ordezkatu zituzten ontzi auxiliar baldarrek argazki zaharretako traineru txairoak. Jaseko gizonen ordez, ondo bustitako gazteak. 1979an joan ziren neskak aurrenekoz antzarra atrapatzen. Baimen barik atera ziren, baina festan parte hartzeko beste inork besteko eskubidea zutela sinetsita. Txistu egin zieten. Iraindu egin zituzten. Kaka bota zieten betiko usadioaren izenean, arau-urratzaileekin beti egin izan den bezala: “Neskak antzarretan, lenteja hotza plateretan”. Jendea ere bazuten alde. Neskei uzten ez bazitzaien ez zela festarik izango. Urteekin, sendotu egin zen Potxuen indarra. Egun, joan plastiko beltzekin, joan moilara bizkarra ematera potinen popan tente potente doazen neskei.
Zinez herri xelebrea gurea, hain modernoa eta hain atzerakoia aldi berean, elkarrekin beti lehian kultura politikoa eta atabismo harroa.