Kattalin Miner.
LARREPETIT

Antsietateaz

2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Oroitzen dut 17 urte nituela ezagutu nuela antsietatea lehenengo aldiz. Izan ere, atzetik Orfidal bat emango zidan medikuaren esanetan, arnasa eragozten zidana ez zelako antsietate atake bat besterik. Eta ordutik, ezagutu behar izan dugu zer den antsietatea, nola bizi den gure gorputzetan, nola azaltzen den gutxien espero duzunean.

Mugimendu sozialetan, ikasketetan, lantokian edo militantzian hasiko da hitz hori gero eta gehiago azaltzen, denen ahotan dantzan, eta, hala ere, niretzat eta zuretzat, ziurrenik, antsietatea ez da gauza bera. Batzuek antsioso bizi dute eguna, eta beste batzuek erraietako izuari deituko diote antsietate. Batzuek estresa esan ordez, edo kapitalismoak sortzen dizkion prekaritate eta zaurgarritasunaren ordez, esango dute antsietatea dutela.

Beste batek agian, itotzeraino azpiratzen duen botere harremana identifikatu ordez, antsietatez beteriko harremanak dituela esango du. Maitasun erromantikoari begiratu ordez, pertsonal gisa identifikatuko ditu pasatzen zaizkion denak. Lagunak, agian, bere familia nuklearrak egunero sorrarazten dion itolarri normalizanteari deituko dio antsietate.

Gure belaunaldiko ume ikasketadun, autonomo, militante, superbibienteak gara antsietatea gure ahotan darabilkigunak naturaltasun osoz. Eta militantziako kideei entzun diet azkenaldian ardura bat: gure gaizkiegonak, orbainak, minak eta antsietateak pertsonal horretatik politikora jauzi bat behar dutela. Zaintzaz hainbeste teorizatzen dugun artean, denok goazela terapiara, eta jatorria hainbeste indibidualizatuz, antsietatea gauza pertsonala dela sinistu dugula. Eta baliteke sarri hala izatea, baina hementxe diotsuet, ardurak gainetik kentzeko asmorik gabe, antsietateak, asko, izugarri duela politikotik, egituratik, kapitalismo heteropatriarkaletik, eta horren aurrean, arnasten hasteko ardura kolektiboa ezinbestekoa dugula, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.