Maider Galardi

Anaia

2025eko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zure anaia gaztea gimnasiora joaten hasi zen duela hiru urte, 16 urte zituela. Ez zitzaizun, printzipioz, gaizki iruditu, nahiz eta ohartarazi zenion txuloplaya bat ez bihurtzeko. Izan ere, zazpi urte atzera zu ere gimnasiora joaten hasi zinenean kruasan saldoa zegoen nonahi, MHYV telebista saioko mutilen pare. Gogoan duzu, halaber, gimnasiotik kanpo ere kruasanduta ez, baina basurdetuta zeharo, nola zure lagunen anaia zaharrek egiten zuten apustua nork igoko mendia azkarrago butano bonbona batekin gaupasaz. Ez dakizu txuloplaya ala basurde nor nahiago duzun, nahiz kuadrillarekin Benidormera joatean eta sagardotegi tenporadan, batzuekin eta besteekin ohean bukatu duzun. Aitzakia beti berdina izan da: «Horrela gizon-gizonak ondo identifikatzen ditut».

Beraz eta berez, zure beldur nagusia zen zu baino zazpi urte gazteagoa den anaia gizon-gizon ez bihurtzea —zer esan nahi duzu horrekin?—, eta hasieran behintzat gimnasioko iruditeriarekin bat datorren maskulinitate hori hautsi zuela zirudien. Bera hasi zen bere otorduak —arroza zerbaitekin— kozinatzen, amari ez molestatzeko —kaloria gehiegi ez irensteko—; juergan ateratzeari utzi zion lagunak «pasatu» egiten zirelako —alfer alproja batzuk zirelako—; neskekin egoteari utzi zion «ez erasotzeko» —edozer erasotzat dugula uste duen incel bat izango da laster– eta irakurtzen hasi zen —Marco Aurelio eta estoikoak–.

Hiru urte beranduago ohartu zara zure anaia gizon-gizonaren bertsio sofistikatua dela —berak dio bere bertsio onena dela—, halako beste hainbat tipo Instagramen agertzen hasi zaizkizunean. Maskulintate hauskor bera da, nahiz berri deitzen diogun oraindik. Berritik ez baitu ezer zu goitik behera gutxietsi, «garaile pentsaera» gabe azken putza zarela errepikatu, zure gorputzaz iseka egin eta etxe guztia burpee-ekin esnatzeko lotsagabekeria badu. Hiru urte beranduago ohartu zara horretaz, bere kuadrillako ekuadortarra kexatu denean poliziak kalean gelditu duelako, eta zure anaiak esan dionean ez pasatzeko, bro, eta ez esateko arrazakeria dela hori, horrela hartu duela «bere buruarengan nahikoa segurtasun» ez duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.