maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Amnesiak

2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eskolarteko bertso txapelketako finala jokatu zen larunbatean Saran. Eta hainbat urtez deus jakin nahi gabe egon ondoren bertsoarekin berriro adiskidetzen ari naizen honetan, aspaldiko partez joan nintzen saioa ikustera.

Konturatu nintzen nik kantatu nuenetik alegia, duela zortzi urtetik ez nintzela joana, nahiz azken urteotan nire etxetik hurbil jokatu. Eta konturatu, era berean, ez dakidala non arraio daukadan 2011n nik irabazitako txapela. Bila ibili naiz gurasoen eta amatxiren etxean ero baten modura, baina ez dut haren arrastorik topatu.

Konturatu naiz urteotan guztiotan amnesia moduko bat garatu dudala bertsolaritzarekiko nire bizipenekin. Eta eskolarteko txapelketa bezala, ia ezabatu zaizkit burutik parte izan naizen gazte sariketak ere. Bertze emakume bertsolari lagun batekin solasean konturatu naiz ez naizela bakarra: hari ere berdin gertatu zitzaiola kontatu zidan, ez zituela oroitzen orduko kantukideak-eta.

Uxue Alberdik emakume bertsolariak elkarrizketatuta osatu duen Kontrako Eztarritik liburuan agertzen dira antzeko testigantzak. Honela dio Miren Artetxe bertsolariak, adibidez: «Oso bereizita dauzkat bertsotan aritu naizen bi garaiak, gaztetxotakoa eta oraingoa. Lehenengo garaiko gauza asko ahaztu ditut; biziraupenagatik, seguru asko». Eta kontatzen du nola kosta zaion biolentziari hitzak jartzea: «Jasaten nuen momentuan ez nuen identifikatzen, eta estali, ezabatu eta ezkutatu egiten nuen, eta kostatu zait orduko egoera biolentoak memoriara ekartzea (...). Ahaztu egin ditut, bizirauteko».

Alberdik emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten 22 mekanismo zerrendatu ditu liburuan. Eta hamabortz bertsolari elkarrizketatu baditu ere, uste dut bertze anitzek ere antzeko egoerak konta genitzakeela. Pena da liburu baten beharra izatea gertatu zaigunari hitzak jarri ahal izateko; baina inoiz ez da berandu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.