Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Amatasunaz

2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Nire inguruan dauden emakume asko ez dira ama izan, eta ez dut uste izango direnik. Gure amaren belaunaldian ama izatea beste erremediorik ez zegoen. Ama ez zena ondo egina ez zegoelako zen. Alegia, emakume erdia. Niretzat askatasun hori, hots, ama ez izatea aukeratu ahal izatea, handia izan da; eta badakit aurreko belaunaldietako emakume askok garaipentzat hartzen duela. Urteotan denetarik entzun dut: haurrak munduratu dituztenek baino eskubide gutxiago dudala gizarteari egindako ekarpena zero patatero delako; zahartzaroan inork ez nauela zainduko; eta baita galdetu izan didate ama ez banaiz nire bizitzak ea zer zentzu duen. Emakumea, beti emakume erdi.

Zertarako izan ama? Horixe da bere bizitzako uneren batean emakume bakoitzak egin eta erantzun ohi duen galdera. Presioa izugarria da, eta urteekin samurtzen da, batik bat gaitasuna agortzen delako. Orduan beste talde batera pasatzen zaituzte. BBCk duela urte batzuk kaleratu zuen ama izateaz damutzen zirenen erreportaje luzea, eta Alemanian egindako inkesta batek zioenez, gurasoen %20 batek aitortu zuen aukera izatekotan ez zuela berriz guraso izatea hautatuko.

Oraindik ere pentsatzen du askok ama ez den emakumeak zerbait duela faltan, berekoia dela. Eta hamaika arrazoi dago ama ez izateko, emakume bakoitzak bereak izango ditu, eta ingurukoenak entzunda ziur nago pisuzkoak izango direla denak.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egindako ikerketa batek dio 70eko hamarkadan jaiotako emakumeen %25 ez dela ama izango. Europan gertatzen ari den fenomenoa da. Hego Euskal Herrian ere bai, Iparraldean baino gehiago, nonbait.

Aita izan nahi ez duten gizonak aurkitzea normaltzat hartzen da, baina umeak munduratzeko gaitasunari uko egitea, antinaturala da. Niretzat irabazitako askatasuna da, aurreko belaunaldiek izan ez zuten aukera; hautu bat soilik, beste edozein bezain errespetagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.