Ai-la-ra-la-la, ai-la-ra-la-la-ah. Altxor izugarriak dira hizkuntzak. Hemendik hasi beharko lirateke eztabaidak oro. Guk horixe entzun dugu aspalditik, Poza, Garibai eta Larramendiren garaietatik; aldiz, beste batzuk orain ari dira jabetzen, nor izateko hobeto hitz egiten ikasi behar zutela luzaro sinistu ondoren.
Glotofobia normatiboa ez den azentuari higuin izatean datza, arauaren araberakoa ez den moduan hitz egiten dutenak gutxietsi eta baztertzean. Philippe Blanchet soziolinguista frantsesak asmatu zuen terminoa, eta badakite honetaz zertxobait frantsesek: Jean Castex okzitaniarra lehen ministro izendatu berritan glotofobia uhin erraldoi batek jo zuen bere hegoaldeko azentuagatik.
Gomendioa: Aníbal Martín-en Mi viaje extremeño por las palabras, El blog de las socias blogean (2022-01-29). Glotofobia norberak ere barneratzen du: «Jadanik ez didate igartzen nongoa naizen». «Hemen dena gaizki esaten dugu». Honelakoak bildu ditu Martínek, eta nik XVIII. mendean nor izan nahi zuten euskaldunek beren buruari esan zizkioten hitz berak direla egin dut nire artean. Ilustratuak, ai.
Estremeñu hizkuntza Penintsulako subalternoetan subalternoenetako bat da. Gabriel y Galán hurdestarraren idazkietako hizkera asmatutakotzat jo dute. Hango herrietan egun ere egiten dena, arauzko gaztelaniatik ulergaitz xamarra, maiuskulaz idatzi behar omen den kultura batetik arloteek egindako nahaspila trauskil eta baldrestzat.
Gurea pintzelada epikoz betea da horren aldean: besteak ez bezalakoa, antzinakoa, Mendebaleko Europan indoeuroparren uhin suntsigarriei aurre egin zien bakarra. Zaude: aurre egin zionaren ondorengo moderno bakarra. Ez baita gutxi, izan ere. Euskara ere ez da preseski jauregietan dir-dir egiten edota museoko apaletan hautsa batzen egon, kaleko eta basoko, eta itsasoko, eta labe garaien aurreko, lan eta nekeetan baizik. Ai-la-ra-la-la, ai-la-ra-la-la-ah.
LARREPETIT
Altxorrik handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu