Hedoi Etxarte

Altxor kaxa merke bat

2025eko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun euritsutik egun eguzkitsurako trantsizio azkarreko une horretan egongelako leihotik sartu zen lehenengo argi izpiak liburuen apala jo zuen eta, jaramon egin behar nion patuaren seinale bat balitz bezala, mopa pasatzeari utzi eta liburuei begira jarri nintzen. Behe-beheko apalean ikusi nuen oso aspaldian ireki gabeko liburu horietako bat, Oskar Alegriaren Zatikaria, Nafarroako Museoak 2021ean 65 urte bete zituenean beren-beregi zinegileak osatutako liburua.

Ezohiko liburukia da Alegriarena (kanpoaldea inguratzen duen papera alde bitako poster bat da, berez), Paul Valéryren aipu batekin hasten da: «Ongi etorri hutsuneei, dena-dena bagenu ezin genezakeelako deus esan. Gure buruak ez luke lanik. Beraz, pozik egon behar dugu gauza bat bakarrik izateaz». Eta beraz, koadroen, mosaikoen, argazkien atalak hartu eta hautaketaren, mozketaren eta muntaiaren bidez, inola ere imajinatuko ez genukeen Nafarroako Museo bat aurkezten digu: artelan batean hark ikustea nahi duzuna eta beste ezer, eraikinean deigarria egin zaion itzal bat, afixa bat, konpontzen ari diren leihoari argazki bat. Eta txatal horiek, lagin horiek testuekin janzten ditu: «Iruñea, arkatzez zirriborratutako zeru baten azpian, zazpi hilabetez hiria estali eta laztasun euritsuan itotzen duen zeru pittin bat goibel horren pean» (Juan Grazia). Hartzen ditu Alfredo Díaz de Zerioren, Isabel Peraltaren, Jacob Bouttatsen eta Javier Zigaren koadroen puskak eta sail bat osatzen du gorri koloreaz idazteko. Museoko lorategiko huntzari argazki bat egiten dio. Koadroetan liburuak eusten dituzten esku ezberdinak elkarren ondoan jartzen ditu. Ariketa bera egiten du begiak itxiak dituzten argazki eta margolanekin Betazalak biltzea piezan.

Ez da katalogo bat, edonork eros dezake eta etxean izan, haurrek helduek halako lilurarekin begiratuko diote, Santo Domingo aldapatik gora dagoen altxorren bildumaren begirada partikular bat. Gozatzeko kalean edozein eguraldi egiten duenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.