Iazko uztailaren 11ra arte zazpi urtez bizi izan nintzen etxera iritsi eta zuriz margotu berria zegoen horman jarri nuen aurreneko irudietako bat izan zen Alexandra Kollontairena. Irribarre sotilarekin dago, paper bati begira, eskuan telefonoa dauka. Argazkiak badu zerbait kanonikoa, diseinutik hasita: aulkien siluetak oso ederrak dira, mahaiaren zuraren zainak oso markatuak. 1917ko otsaileko iraultzaren (alegia Martxoaren 8aren) ateetara gerturatzean, zenbait ikono politikoren itzala txikitzen hasten da, figurak parez pare topatzen dituzun arte: efemerideek berriro konbokatzen dituzte haien borrokak eta porrotak.
Judith Stora-Sandorrek 1977an egin zuen Kollontairen apailatzerako sarreran jaso zuen mugimendu komunisten historialarientzat Kollontairen izena alderdi boltxebikeak 1920etan izan zuen aurreneko oposizio mugimendu nabarmenenera zegoela loturik, Langileen oposiziora. SESBen hezi ziren –eta feminismo liberaletik datozen askorentzat– Kollontai izan zen historian egon den aurreneko emakume enbaxadorea.
Baina Stora-Sandorrek nabarmentzen zuenez, Kollontairentzat iraultzako garrantzitsuena oso bestelako eremu batean zegoen: «Emakumeen askapenaz konbentzituta zegoen partisano bat zen, uste zuen borroka bi planotan gertatu behar zela aldi berean: liberazio ekonomikoa eta askapen sexuala. Adierazten zuen haren idazki guztietan independentzia ekonomikoa ez zela nahikoa emakumeen arazoak konpontzeko. Marxista zen, espero zuen iraultza sozialistaren baitan gertatuko zen iraultza sexuala eta klaserik gabeko gizarteak erakutsiko zuela familiaren desegitea».
Bistan da haren ideietako asko ez zirela zuzendaritza boltxebikeko kideen artean partekatuak izan, baina SESBen historian are dramatikoagoa izango zen iraultza gertatu ostean jaio zirenak izan zirela kontrairaultzaren protagonista nagusiak neurri handi batean, Termidor sobietarra martxan jarri zutenak, eta hori ez zen soilik munduko iraultzarako dramatikoa izango, emakumearen askapenean berean atzeraldi nabarmena eta eskubide galera ekarri zituen. Klase egituran aldaketak egon ziren, baina desiraz, plazeraz eta erreprodukzioaz apenas zeuzkaten etxerako lanak eginda eta Hegorik gabeko Eros bat gailendu zen azkenerako.