Azkoitian gertatu zen, 1766ko matxinadaren 250. urteurrenaren aitzakian, udalari eskatu zitzaionean orduko gertaerak aztertuko zituen jardunaldiei babesa emateko. Dokumentazio berria zegoen begirada kritiko baterako: egunez eguneko kronologia, galeretara zigorturiko herritarren izen-abizenak… Aukera bikaina zen Azkoitiko Zalduntxo txit argien jokaera berrikustekoa, heriotza eskean matxinadako buruentzat. Zinegotzi jeltzale baten erantzunak biltzen du ondoen, ordea, nagusitu zen iritzia: «zer ekarpen egin zioten matxinoek gizarteari Peñaflorida kondeak, Narroseko markesak eta abarrek egin ziotenaren aldean?». Alegia, noiztik da gai interesgarria justizia soziala?
Nekez aurki liteke erantzun hoberik, edozein delarik esku artean dugun gaia, dena dagoen dagoenean uzteko eta goikoak goian iraunarazteko. Aproba egitea da. Har dezagun beltz jende hori. Esan, zenbat Nobel saridun dituzte saria eratu zenetik, 1901ean? Emakumeak ere, hartu edozein jakintzagai, eman hamar izen. Zenbat emakume? Hizkuntzetan, Suarez espainiar presidente ohiak bota zuen bikainkiro: fisika nuklearra ezin da euskaraz erakutsi. Luze segi genezake.
Gazarekin, ez da bestelakoa logika. Munduaren aurrean ari da Israel sarraskitzen Palestina. Libano orain. Ospitaleak, jantokiak, NBEko eraikinak, eskolak, azokak… bostetan hautsi ditu Israelek Nazio Batuen aginduak. Jasangaitza da irudi oro, zukurutza instalatu zaigu ohean. Eta hala ere, Europa zibilizatuak, filosofo handien, idazle bikainen, jakinduriaren eta balio etiko unibertsalen habiak eta profetak izugarrikeria bedeinkatzen segitzen du.
Bada garaia norbait garbi mintzatzeko: juduen aldean, zer ekarpen egin diote palestinarrek munduari?