Tarteka, Iruñetik Pamplonarako jauzia egiten duzunean, eta, ohiko kale eta giroak utzi eta, adibidez, Zabalguneko zenbait kaletatik ibiltzen zarenean, zulo bat egiten zaio zure eguneroko burbuilari. Zerbait eskertu behar bazaio lurralde honi, zera da, ez dela disimuluan ibiltzen, parez pare erakusten dizu bere baitako aniztasuna, ñabardurarik gabe. Eta orduan, igande goiz batez, meza orduan, Alde Zaharretik hegoalderantz jotzerakoan, gogoratzen duzu hau dela Opusen hiria, altxamendu faxistarena, eta elizaren lapurretena.
Eta, hala ere, bada denbora bat lagunekin partekatzen duzula Nafarroa aldatzen ari delako sentsazio bat, hauteskunde emaitzaz harago doana, eta, gehienetan, hitzetan jartzea eta frogekin demostratzea kostatzen zaizuna. Agian gehiago da psikologia kontu bat, agian gehiago du zerikusia autoestimuarekin, euskaldun eta abertzale bezala agertzeko garaian galdu duzun errezeloarekin, zu, duela ez hainbestera arte lau katuetako bat zinena. Agian lau katuetako bat izaten segitzen duzu, baina inguruko udal gobernuetan daude zu bezalako batzuk, eta, tira, laguntzen du horrek azpiratua ahalduntzen.
Euskarari buruzko ikerketa zientifiko berri batek ekarri dizu, asteon bertan, Nafarroa aldatzen ari delako seinalea. Haren arabera, euskara sustatzearen alde edo oso alde leudeke herritarren %63. Orain lau urteko Inkesta Soziolinguistikoan, populazioaren herena zen alde zegoena. 1991n, %21. Pentsa ze alde.
Orain arte, errealitate soziolinguistikoaren falazian oinarritu du PSNk hizkuntza politikako bere (ez) jarduna, arrainari buztana irentsaraziz: eremu honetan ez dago aski euskaldunik, beraz ez dago euskara sustatzerik, beraz ez dago euskaldunik. Chapeau. Saihesten are zailagoa du oraingo mandatua, are demokratikoagoa delako: herritarren ia erdiak (%49,6) administrazioak gehiago egin beharko lukeela esan du, orain artekoa ongi dagoela uste dutenen (%34,44) gainetik. Ea zein den orain aitzakia, Nafarroaren aldaketari bidea erraztu ordez lehengoan gotortzea erabakitzen badute.