Ander Perez Argote

Aldaketak

2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aldaketena, bizitza honetan ia dena bezala, posizio kontua izaten da. Boterean dagoenak nekez desiratuko du aldaketarik, horrek bere pribilegioak galtzea badakar. Azpiratua, aldiz, bere egoera hobetuko duen edozein aldaketaren esperoan egongo da. Ideologia nagusien oinarria da aldaketaren aldagaia, izan hura bultzatzeko, izan oztopatzeko. Baina kontua da, nahi edo nahi ez, aldaketa egon badagoela, beti, eta etengabe. Ez zuen Mercedes Sosak alferrik kantatzen. Eta beraz, aldaketa etorriko den edo ez baino, haren norabideari erreparatzea litzateke hobe.  

Migrazioaren aurka inguruan entzuten dituzun diskurtso guztietatik, etorkinek gure hizkuntza eta ohiturak aldatuko dituztela diotenenak harritzen zaitu gehien. Pentsatzen duzu, akaso, ahaztuko zirela zaindu eta babestu nahi duten kultura horrek hainbat mende daramatzala mundu mailako inperio kultural eta linguistiko handienetako biren menpe. Edo, akaso, errazago zaiela komunitate minorizatu eta zaurgarrien aurka egitea, masa kulturaren makineria haien zerbitzura duten erraldoien kontra egiteaz amore emanda edo.  

Gerra kultural erabatekoaren garaian, sare sozialak eta egunkariak erosten dituzte milioidun handiek, eta, zuri, beste denei bezala, aukeratu gabeko mezu eta irudi misogino eta arrazistaz betetzen zaizu mugikorra. Tantaka-tantaka, txertatzen doaz balio eta pentsamendu berri eta arriskutsuak. Baina, nonbait, arriskutsuago dira gure balio-sistementzako gurera datozen komunitate txiki eta askotarikoak, mundu osoko komunikazio sistemak menperatzen dituzten oligarkak baino. 

Inozoa litzateke gure kultura, eta euskara bera, aldatuko ez direla pentsatzea. Oraingoak ere zerikusirik ez du orain 500 urtekoarekin, hainbatek, ez dakit ze esentziarekin liluratuta, kontrakoa uste badute ere. Gure kultura aldatuko da, eta hori izango da, hain justu, haren biziraupenaren seinale. Gauza da ze aldaketa onartzeko prest gauden, edo zergatik beldurtzen gaituen hainbeste batek, eta ez besteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.