Samara Velte.
LARREPETIT

Aldaketak

2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Gogoratzen nola abesten genion Iñakiri 90eko hamarkadan Hogeita hamalau gradu eta izerditan blai? Inozoak, gu: ze urrun zeuden Kamerun eta klima aldaketa orduan. Hogei urte geroago, hartuko genituzke 34 gradu horiek udako beroaldi honetan. Eta mendea amaitu aurretik, gure seme-alabek faltan botako omen dituzte 2022koa bezain uda freskoak.

Ezagutu ditugun mundu txiki asko desagertzen ari diren sentipenarekin bizi naiz azkenaldian. Gure jaioterrian, obra erraldoi batek bi eraikin esanguratsu eraitsiko ditu asteotan: batetik, geure belaunaldiarentzat eszenatoki biografiko izan den Putzuzulo Amets Fabrika, hamabost urtez herriari hainbeste bizi eman diona. Bestetik, Zarauzko tren geltoki zaharra bota dute lurrera. Harrizko eraikin xumeak 121 urte zeramatzan bertan: bere bi isurialdeko teilatuarekin eta idi-begi estiloko leiho borobiltxoekin, haur guztiok marrazten genituen etxeen antza zeukan, gutako inor halako batean bizi ez zen arren. Geltokia ere okupatu zuten denboraldi batez 80ko hamarkadan, Putzuzuloren aurrekari bihurtuko zen Manuela gaztetxea martxan jarri baino lehen.

Eraisketa bakoitzarekin memoria zatitxo bat galtzen goazela iruditzen zait. Donostian ere eztabaida piztu da, kuartel zaharra erabat desagerrarazi edo birmoldatu behar ote den. Ni bigarrenaren aldekoa naiz: ez dut zortzi solairuko giza inurritegiz osatutako eta memoriarik gabeko auzorik nahi; nahiago ditut berezko itzala sortzen duten kale estu eta kaotikoak, elkarrekin bizitzera behartzen gaituztenak. Bestela, ehun urte barruko udak are itogarriagoak izango dira eguzki izpiak kontzentratu eta islatzen dituzten porlanezko auzoetan. Ez dut uste garapenak aurrekoaren suntsipena ekarri behar duenik, areago: planeta zaintzeari eta sostengarritasunari buruzko diskurtsoak sinetsiko bagenitu, gauza gutxiago birrintzen eta gehiago zaintzen hasiko ginateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.