Unai Iturriaga.
Larrepetit

Ajuria Eneko farola

2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Niri ere proposatu zidaten. Momentu txarrean harrapatzen nindutela, lapikoa sutan neukala, garbigailua zentrifugatzen, haurrak konkorrean gailurra egitear… Auskalo zer esan nien, ez dut zehazki gogoan.

Ahaztuko ez dudana ea gizonezkoa ala emakumezkoa nintzen galdetu zidatela. Ez dut ukatuko egoaren O-aren erdian sastakaia sentitu ez nuenik, baina duintasuna lepoan hartu eta axola al zion bota nion. Handia ziola berari. Pareak banituela nik, baina telefonoz kredentzialak erakusten gaitz nuenez, lapikoarena bota nion berriz: zentrifugatzen neukala. Jabetzen ote nintzen proposatzen zidanaren garrantziaz. Jabetzen nintzela baina kargutu zedila bera nire paraderoaz: garbigailua sutan, haurrak zentrifugatzen, lapikoa konkorrean…

Herria ekarri zuen berbara orduan. Lapikoa, garbigailua, haurrak aski ez eta trikuharri bat paratu zidan egongelaren erdian. Tok herria! Ez zuela egongelako altzariekin bat egiten (trikuharriak) eta Herriaren argudioak ez ninduela samurtuko, are gutxiago nengoenetan nengoela: garbigailua konkorrean, haurrak sutan, lapikoa ikurrina zentrifugatzen… Momentu historikoa.

Historikoa, halakoxea zela momentua, eta halaxe jaurti zidan silabak zaunkatuz. Haren hortzei zerien izerdiagatik izango zen ez niola ondo ulertu Ajuria Enea lehenengoz esan zuenean. Bigarrenez esan zuenean, lapikoak, garbigailuak eta haurrek ere entzun zuten. Oraindik ere durundi lako bat dut ezkerreko tinpanoan «Enea… Enea…» dioena. Geurea, alegia, Ajuria-Eurena izango omen zen laster. Ederra farola, murtxikatu nuen hortz artean. Baita farolak ere, nahi izanez gero, touché ahotsez berak. Ezetz, bost axola zidala nire hornitzaileak Portugalen fakturatzea, ez nintzela Iberdrolara pasako. Horixe esan nion azkena.

Garbigailuak zentrifugatua amaitu eta lurrak oinpean dardara egiteari utzi zion. Txitxirioak sabela lehertuta, lapikoan igeri eta haurrak, begiak zabal-zabalik, besoak astintzen beste zortzimilako baten eske: Som energia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.