Iratxe Retolaza Gutierrez.
Larrepetit

Aitortza

2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Umeen oporraldi garaian, kalean eta pasieran guraso gehiago egon ohi da, eta giro horretan Donostian zehar pasieran ari nintzela antzeko esamesak entzun ditut. «Gero eta aita gehiago umeen karroei bultzaka, gero eta aita gehiago umeekin parkean… Gero eta aita gehiago…». Hainbat ahots entzun ditut antzeko iritzia emanez. Askotariko ahotsak. Zahar eta gazte, gizon eta emakume, hango eta hemengo. Ekintza horiek aldaketaren ikurtzat hartuz.

Etxeko lanak eta zaintza-lanak gehiago banatu ohi dira, edo haietan gizonen parte-hartzea handiagoa omen. Baina, nire inguru hurbilean behintzat, etxeko lan jakin batzuetara baino ez dira lotu gizon horiek; edo behintzat lan batzuetara errazago lotzen dira. Esker onekoak izan daitezkeen horietara bakarrik. Ikusgarri diren horietara bakarrik. Publikoagoak diren etxeko lanetara gehiago lotu ohi direla iruditzen zait: sukaldaritza, erosketak, kaleko zaintza... Gutxiago dira ohe azpiko hautsak egiten dituena, edo arroparen tolesak josi, edo gortinak garbitu, edo armairuaren sakonerak xehetasunez txukundu, edo… Berriro diot, nire inguru hurbilaz ari naiz.

Azken batean, sukalde-lanean aritu ondoren, mahai baten bueltan elkartzen dira familia kideak, eta zerbitzu kolektibo hori ageriko egiten da —ekintza kolektiboa dakarren kasuetan behintzat; alegia, oturuntza elkarrekin egitean—. Eta ondoren, aitortza bereganatzeko galdera ere izaten da tarteka: «Goxo al zegoen?».

Aitor izendatu zuen Euskal Herriko aitalehen Agosti Xahok. Noblezia adierazteko aitonen seme esapidea hartu omen zuen abiapuntu, aitoren seme aldaera zehazki. Aitortza-ekimen garaikideek badute aitor horren itzalik, badute aita kutsurik. Aitatasunak (senidetasunak zein sinbolikoak) eta aitortzak elkarren ondoan pasieran oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.