Maider Galardi

Aitortza bat

2024ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun

Hau ez da kontzertu baten musika kritika bat, baina aprobetxatu nahi dut kontatzeko nola joan ginen pasa den larunbatean Miarritzera M, N eta hirurok Gorka Urbizu ikustera. Kontatu nahi dut hirugarren M-k sarrera zuela etortzeko, baina, haurdun dagoenez, galdetu zuela ea eserita izango zen saioa. Jakina, ez dugu lagun bat atzean utziko, eta esan genion lortuko genuela aretoak aulki bat jartzea beretzako; nola frenatuko dio gaztaroa haurdunaldi batek. Inola ere ez! Baina ez zen etorri azkenean, eta bigarren kanturako ahaztuta geunden haurdun eta aulkiez eta galdetu nion N-ri ea inoiz itzuliko garen kontzertu bateko lehen lerrora. Zuek ideia bat egiteko, zazpigarrenean edo geunden. N-k esan zidan baietz, Berri noizbait itzuliko balitz, agian.

Munduan ezagutzen dudan Berrifan handiena da N. Ia kontzertu gehienetara joan naiz berarekin. LHko seigarren mailan sartu zuen taldea gure etxean, bere anaiari Libre «maileguan hartu» eta kopia piratak eskolan banatu zituenean. Baina hau ez da Berri Txarraki gorazarre egiteko testu bat. Are gutxiago nostalgiari heltzekoa. Heldu naiz emakume eta gorputz disidenteez osatutako bandak publikoan loriatzea politikoki estrategikoagoa dela jakiteko bezainbat. Anari, Karol G, Olatz Salvador, maite zaituztet.

Hori da kontua. Heldu naiz eta gara. Ez dut kontzertuaren spoilerrik egingo, baina gure mugikorren infragorri eta bluetoothetatik elkarri pasatako kantuak entzun genituen emanaldian. «A ze oilo ipurdia» esaten zuen N-k, eta M-ri ikusi nizkion begiak gorri, nahiz eta berak esan oposizioak prestatzen ari denez dermatitisa azaleratu zaiola. Lagun taldeak ikusi nituen Atabalen, bai, baina baita hamarnaka bikote ere. Eta ume bakan batzuk ere bai. Ni izana naiz ume hori duela 15 urte Berri-ren kontzertu batean. Bat-batean sentitu nuen angustia antzeko zerbait. Lehen lerroan kantuan jartzeaz dudaka ari baikara lagunak, ez dugulako altuan galdetu nahi ea noiz arte joango garen kontzertuetara elkarrekin.

Hau 30en krisiari buruzko zutabe bat besterik ez da, beraz, Ez hain ondo podcastari entzun diodanez. Saioa adituta, krisiak jota nagoela esan nion U-ri pasa den astean, eta berak kantuan erantzun: Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Zer diote adituek: pasatuko zait, ezta, @AneZuazubiskar eta @IratiPerez? Pasatuko zait, @gorkaurbizu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.