Erdi txantxetan erdi egiatan esaten du amak amonak, agian, ezkutuan bataiatu zintuztela txiki zinetenean. Izatekotan, halako ekintza klandestino batekin sartuko zen kristautasuna zuen etxera. Nekez bestela: aita, meza mutil izana, apostatatuko zuela esaten entzun zenuen beti, harik eta egun batean mehatxua bete zuen arte. Haren aitak, Zamoratik etorria, kaputxinoentzat egiten zuen lan, Zeruko Argia inprimatzen, oso sinestuna ez izan arren. Zeruko giltzak gordetzen dituen apostoluaren izena daraman Iruñeko auzoan gertatu zen dena, San Pedron, Arga ibaiaren bazterrean.
Zu, erlijioarekiko erabateko distantzian hazi zinen, herriaren opioa zela barneratuta, opioa zer zen jakin aurretik ere. Gero, zure auzoko D ereduko ikastetxeak apaiz baten izena zeramala jakin zenuen, eta apaiz hura antolakunde ezkertiar eta abertzaleetan ibilitako zure guraso eta haien lagunen kide eta erreferente ere bazela. Beranduago, Periko Solabarria ezagutu zenuen, eta, haren bidez, baita apaiz langileen mugimendua ere.
Zure istorioa da, baina zure inguruko eta belaunaldiko ia edozeinena izan zitekeen. Amildegi bat dago zuen aitona-amonen garaiko fedearen eta zuen arteko indiferentziaren artean. Ziurrenik, historia osoko aldaketa azkarrenetako bat da. Zuen gurasoek izan behar zuten katebegi, baina haiek eten zuten transmisioa, eta are ageriago utzi zuten erlijioaren izaera asmatu eta eraikia: transmisiorik gabe, ez duzu inguruan bere kabuz fedea aurkitu duenik ezagutzen.
Agian horregatik harritzen zaitu hainbeste zure gizarte laikoan, erlijioa hain urrun izanda, albistegi osoak eta egunkarietako gehigarriak eskaintzea aita santu baten heriotzari. Oinarri soziala hain galduta, inoiz baino erakunde pribatuagoa egiten zaizulako Eliza, inoiz baino arrotzago, pribilegio eta balio atzerakoi batzuen gotorleku. Eta ez du hori aldatuko aita santu berria nafarra izateak —kiniela entusiasta batzuek iragarri bezala—, orain artekoa inoizko progreena izateak aldatu ez duen bezala.