Ander Perez Argote

Ahaztua izateaz

2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Jakina duzu oroitzeak mina eman dezakeela sarri, badirela bihotza ziztatzen duten oroitzapenak. Zuk ere eten behar izan duzu behin baino gehiagotan aspaldiko argazkiak antolatzeko zeregina, auskalo zer auskalo nor ikusteak eragin dizunagatik. Eta hala ere, jakin badakizu are mingarriagoa izan daitekeela ahaztea, ezer gertatu ez balitz bezala aurrera egitea, norbere buruari ezer osatzeko aukerarik eman gabe.

Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du, eta harekin lotutako albisteak ezabatzeko eskatu dio lehenbizi Google-ri, gero Espainiako Datuen Babeserako Agentziari eta, azkenik, Espainiako Auzitegi Nazionalari. Baina Diego Yllanesek Nagore Laffage erail zuen 2008ko sanferminetan, azken honek sexu harremanak izateari uko egin ziolako. Eta hilketa hark mugarri bat ezarri zuen indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Gaur egun —eta zer esanik ez etorkizunean—, ezin da gertakaria bere horretan aztertu, ez bada historiaren begiradatik. Hiruri egin die eskaera Yllanesek, eta hirurek ezeztatu dute, informazio eta askatasun eskubidea gailentzen dela argudiatuta.

Norberak erabaki dezake zer ahaztu, baina ezin du erabaki besteek hura gogoratuko duten ala ez. Eta ohituegi gaude hemen iragan iluneko boteretsuak ahaztea komeni dela esaten entzutera.

Besterik da erraz zaigula gauzak argi ikustea kasua hain lazgarria eta ñabardurarik gabea denean, eta askoz zailagoa kasuistika txikiago eta (nahi bada) inozenteagoetara jaisterakoan. Behin ogi bat lapurtu zuena betirako lapur izan behar den, alegia. Are gehiago egungo gizarte digitalean, dena betirako grabatuta eta sarean geratzen zaigun garaiotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.