Iñigo Aranbarri.

Ahaire bat

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Zer garen definitzeko beharrezkoak diren gertaerak salbatzea da memoriaren zeregina. Salbatu alferrikako izen, datu, denbora txatalen zabortegitik. Pilategitik ezinbestekoa duguna soilik hautatu, gero aldean eroateko, goazen tokira goazela.

Ez dugu aberastasun handiagorik oroitzapen hautatu horiek baino. Kalean barrena noa, oinetakoak bustita, ezeri begiratzen ez diodala. Buruan ere, ezertan ere ez gogoa. Ez tankeak loturik tarras daraman gorpurik, ez haurrik gure etikaren bonbek xehatuak. Baditu egunak horrelako meniak ere.

Halako batean, zebrabidean naizela, ahaire baten lehen notak. Ez kaletik, norberaren baitatik baizik. Oinez hasi orduko hitzez hitz ozenago datorrena, ezpain artean osorik berregin dudan arte. Ez da disko bat ari dena. Itzalak dira, maite-maitea izaniko jendearenak, denborak higaturiko hazpegiak orain. Osaba Joxe da kantuan, Gabon gauean kalean ibilita pozik etxeratu da. Tropa handia gara mahaiaren bueltan, eta urtero legez ekin dio aurten ere, Beti penetan, beti penetan. Blai egiten ari naiz, bizi naiz mundu hunetan. Urteak dira gehienak joanak direla. Egunaz zerbait alegratzen naiz, gauaz beti penetan. Zenbat urte da azken aldiz entzun nuela? Nireganako amodioa… Eta zergatik orain? Ez da erraza memoriaren mekanika ulertzea.

Azken notara heldu naizelarik, badu zertan okupatu buruak. Sinetsi nahi dut etxe suntsituen artetik tarte batez bakean utzi nauten horiek guztiek ere izango dutela halakorik, dauden tokian daudela, zer diren definitzen laguntzen diena. Gainerako eskubide guztiak urratuta, sikiera hori utzi diegula, denboraren urrunetik datorkien doinu baten aterpea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.